Arrasateko Seber Altube plazan elkartu dira eguerdian Debagoieneko hainbat herritar, LAB sindikatuak deitutako manifestazioan parte hartzeko.
Bertan salatu dute estatalizazioak dakarren prekarietatea, eta diotena da estatalizazioa Estatuaren estrategia bat dela. Hauxe adierazi du LAB sindikatuko ordezkari Xabier Llodiok: “Bizitzaren eta lanaren prekarietate prozesu oso bat dago martxan, Estatua lideratzen ari den inboluzio politikoaren barruan, eta inboluzioak hainbat alde dauzka: prekarietatea, pobretzea, diskriminazioa, zerbitzu publikoen murrizketak, babes sozialerako mekanismoak desegitea… Eta arlo laboralean ere, patronalaren eta interes ekonomiko eta politikoen aliantza bat dago langileen lepora beraien irabaziak bermatzeko eta handitzeko”.
Diote estatalizazioa 2008ko krisiaren aitzakia dela-eta hasi zirela aurrera eramaten, eta azken 7 urtetan, erreformak indarrean sartu zirenetik gaur egun arte, estatuko hitzarmena aplikatzen zaien langile kopurua %21etik %34ra pasa dela. “2008aren aurretik Euskal Herrian langileok eta sindikatuok ez geneukan gure lan araudia ezartzeko eskubiderik, Madrilen ezartzen zen lan legedia, baina hemen bazegoen negoziazio eremu bat bertako hitzarmenak babesteko eta behintzat lan baldintzak duintzeko”, azaldu du Llodiok.
Beraz, LABetik aldarrikatu dutena da hemengo sindikatuei eta langileei lan baldintzak arautzeko eskubidea aitortzea eta onartzea.
Lanuzteak ere deituta zituzten eguerdirako eta azpimarratu nahi izan dute baita ere beste sindikatu batzuk ere eurekin egotea nahi dutela, LABekoen esanetan, estatalizazioaren "mehatxu" horri elkarrekin aurre egin ahal izateko.