Arrasateko etxez etxeko langileek greba mugagabea hasiko dute ekainaren 5ean

Mireia Bikuña 2018ko mai. 29a, 19:56

Apirilaren 9an Clece Zaintzen enpresarekin hasitako negoziazioek ez dute aurrera-pausurik egin eta egoeraren larritasuna ikusita hartu dute erabakia. "Lau urte daramagu hitzarmen duin bat eskatzen, kontzentrazioak egiten, enpresarekin biltzen... baina saiatu arren ez dugu emaitzik ikusten. Hori horrela, gura ez genuen erabakia hartzera behartu gaituzte", esan dute langileek.

Arrasateko etxez etxeko langileek hitzarmen propioa eskatzen dute: urteko lanaldi murriztua 1.755 ordutik 1.592 ordura pasatzea, gaixotasunengatik penalizazioarik ez jasotzea, eta ordu publikoak eta pribatuak berdin ordaintzea eta ordu horien banaketa ekitatiboa izatea. "Eskakizun nagusi horiek gure lanari balioa ematearekin batera doa. Garrantzitsua da egiten duguna, bai guretzat eta baita gure aiton-amonendako. Baina, enpresak eta udalak ez dute ikusten gure lanaren prekarietatea zenbatekoa den. Ez dute ikusten gura lanaren kalitatea bermatzeko, gure lan baldintzak kalitatezkoak izan behar dutela", aldarrikatu dute.

"Negoziatzeko mahaia"

Etxez etxeko langileak udal arduradunekin batzartu ziren aurreko astean eta "haserre eta suminduta" irten ziren bileratik. "Mahai gainean genuena sinatzera bultzatu ziguten, aukera ona galtzen ari ginela argudiatuz. Udal ordezkariak euren langileak defendatzeko daude, eta ez enpresa pribatuen interesen arabera jokatzeko", esan dute.

Langileek nahi dutena da hiru aldeak –langileak, Udala eta Clece Zaintzen enpresa– mahai batean eseri eta negoziazio bat egitea. "Guk ez dugu inposaketa bat gura. Hitzarmen duin bat baizik. Eta, hori, negoziaketa bidez lortzen da. Inguruko herrietako langileek duten hitzarmenaren parekoa eskatzen dugu. Aretxabaletan, Bergaran eta Oñatin badituzte hitzarmen propioak aspaldi. Eta, gu? Ezberdinak al gara? Langile profesionalak gara", azpimarratu du Karmele Loitik.

Udalaren azalpenak

Atzo, etxez etxeko langileek egindako agerraldiaren harira, Arrasateko udalak bere iritzia eman du gaur. Maria Ubarretxena alkateak esan du Udalak bere eskumenekoan diren arloetan ahalegin berezia egin duela etxez etxeko zerbitzuaren auzian; besteak beste, orduko prezio %40 igo eta  zerbitzua urteko egun guztietara zabaldu.

Arrasateko Udalak Cecle Zaintzen enpresarekin duen kontratua uztailaren 31n bukatzen da. Deialdi berria egin aurretik, Udalak bi aldeen arteko akordioa gauzatu zedin bitartekari lanak egin dituela esan dute. Asmoa da hitzarmen pribatu berria, deialdiaren pleguetan agertzea.

Udal arduradunek uste dute langileen eta enpresaren arteko negoziazioa oso konplikatua dela une honetan, eta adostasun batera heltzea zaila dela. Dena den, abuztuaren 1ean etxez etxeko zerbitzua martxan egon dadin, lehenbailehen egin behar dutela deialdia.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak