San Balerio balioan jartzeko bi proposamen interesgarri

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 22a, 16:33
Ezkerretik eskuinera: Zubiaga, Corcuera eta Arce.

Gune horretan hainbat hobekuntza lan egin ondoren –zuhaitz landaketa, kabiak jartzea edo sarbideak hobetzea– bertatik igaroko diren bi txango antolatu dituzte Besaide Mendizale Elkarteak, Naturtzaindiak eta Sustraibarrik: 'Udalatxeko bataioa' maiatzaren 27an eta 'San Baleixoko berdegunera ibilaldia' ekainaren 3an. 

Udalatxeko bataioarena, mendi horretara sekula igo ez direnei zuzenduta dago nagusiki, baina Udalatxera igo nahi ez dutenek ere parte har dezakete, ibilbide laburrago bat eginez.

"Arrasatearrok Udalatxen magalean jaio eta bizi izan gara beti. Sasoi batean, lotura estuagoa geneukan, besteak beste, herriko jarduera ekonomiko nagusia meatzaritza zelako. Orain, apurtxo bat urrinago geratzen zaigu. Jende askok ez du ezagutzen, eta guk horri konponbidea jarri nahi diogu" azaldu du Besaide Mendizale Elkarteko presidente den Aitor Zubiagak.

Ez da Udalatxera igoera tradizional bat izango, Kanpanzar aldetik igoko direlako. Baina horrez gain, ibilbide berezia izango da Monterronetik hasi eta herriko hainbat gune zeharkatuko dituelako.

"09:30ean geratuko gara Monterronen eta Meatzerrekara joango gara. San Baleriotik ere pasatuko gara, eta bertan, laster prest egongo den Anporretako PR bide berria ikusiko dugu. Jarraian, Lurgorri, eta Hego Mendi pasatu ostean, Udaletxeko tontorrera joango gara, eta bidean Udaletxeko mitologiarekin lotutako istorioren bat edo beste ezagutuko dugu. Tontor inguruko kobazuloak ere ikusiko ditugu, eta ostean, Udalara jaitsiko gara. Bertako ingurumen eskolan luntx txiki bat egingo dugu, eta diplomak banatuko dizkiegu lehen aldiz igo diren horiei".

Guztira hiru ordu eta erdiko txangoa izatea kalkulatzen dute antolatzaileek, baina aurretik esan bezala egongo da ibilbide laburragoa egiteko aukera. "Hainbeste ibiltzea nahi ez dutenek, Udalarako bidea har dezakete Lurgorrin, edo Hego Mendin".

Berdegunera ibilladia

Ekainaren 3an San Balerioko berdegunera ibilaldia ere antolatu dute. Lehen pinudia zen inguru hori baso bihurtu dute, eta bertan egindako lanak azalduko dituzte.

"2015ean bi auzolan egin genituen inguru horretako basoa berreskuratzeko. Otsailean, 400 zuhaitz baino landatu genituen, era askotarikoak. Eta, irailean, adibidez, ur putzu bat egin genuen, anfibioentzako eta orno-gabeentzako" azaldu du Naturtzaindiako Naiara Corcuerak.

Ibilbidea 10:00etan hasiko dute Monterronen, eta Loo baserrirantza abiatuko dira San Kristobaletik. Meatzerrekara heltzerakoan, bertako kobazuloari erreferentzia egingo diote, eta jarraian, Arrasateko ur-horniketaren %10a bere gain hartzen duen Beneras iturburuan egingo dute paradatxoa.

12:00ak aldera helduko dira San Balerioko berdegunera, eta azalpenak eman ostean luntx txiki bat egingo dute. Bertan egindako lanak aipatzeaz gain, Maider Alcelay ipuin kontalariak Meatzerrekan Marik bizitakoak deituriko ipuina kontatuko du. "Bertako mitologiarekin lotutako kondaira bat izango da. Mundu guztiarentzako pentsatutako goiz-pasa izango da, baina haurrekin egiteko bereziki aproposa. Beraz, animatu eta parte hartu!" adierazi du Sutraibarri elkarteko Goizane Arcek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak