Makel Olano: "Kultura politikoan aldaketa beharrezkoa da etorkizuneko gatazkei demokratikoki erantzuteko"

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko mai. 22a, 12:45

Hainbat herritan hausnarketa saioak egiten dabil Gipuzkoako Foru Aldundia, lurraldeko kultura politiko demokratikoa herri ordezkariekin aztertzeko helburuz. Horren baitan, Arrasaten izan da diputatu nagusi Markel Olano, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Vaquerorekin batera. Bailarako hainbat alkate, zinegotzi eta eragile sozial eta ekonomikoetako ordezkariak ere izan dira saioan.

Arrasaten egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, kultura politiko demokratikoari buruzko hausnarketa saio bat. Bertan parte hartu dute Arrasateko, Bergarako edota Eskoriatzako alkateak, beste hainbat zinegotzik, eta baita Debagoieneko Mankomunitateko edota Goiena Komunikazio Taldeko ordezkariek ere. Markel Olano diputatu nagusia ere Kulturateko saioan izan da, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Vaquerorekin batera.

Inkestaren ondorioak azaltzen.

Aurrez egindako 1.500 inkestaren eta beste hainbat lan kualitatiboren ondorioak aurkeztu dituzte lehenengo, eta hausnarketara bultzatu dituzte bertaratutakoak gero.

Markel Olanok azaldu du kultura politikoan aldaketa beharrezkoa dela, etorkizuneko gatazkei demokratikoki erantzuteko, eta hauxe gaineratu du: "Nik uste dut gizarteak paso egiten baldin badu politikatik, azkenean transformaziorako ahalmen oso gutxi edukiko ditugula. Norberak bereari begiratuko dio bakarrik eta indibidualizazio eta kontsumismo gizarte oso markatu batean oso ahalmen gutxi daukagu gauzak hobetzeko. Jendearen inplikazioa ez baldin badugu lortzen, eta daukagun gizarte sare indartsu hori ez baldin badugu aktibatzen".

Hori aktibatzeko helburuz, gipuzkoarren balioak, politikari buruzko iritziak eta, besteak beste, egungo sistema politiko eta demokratikoaren inguruko balorazioak jaso zituzten inkestetan, ondorioetatik hausnartu eta aurrera begirako urratsak emateko. Emaitzek aurretik susma zitekeen herritarren politikariekiko urruntasuna konfirmatu zuten, baina irakurketa zabalagoa eskatzen duten ondorioak ere azaleratu zirela adierazi dute.

Erakutsi dituzten datuen artean, Olanok azpimarratu du gazteek politikan inplikatzeko desio gehiago dutela gaur egun, duela zortzi edo bederatzi urte baino: "Orain dela zortzi edo bederatzi urte gazteekin egin zen inkesta batek adierazten zuen gazteek paso egiten zutela politikaz. Zortzi edo bederatzi urte pasa ondoren, oraingoak adierazten duena da jendea haserre dagoela, baina aldi berean politikatik gertuago dagoela, indiferentzia pixka bat alde batera utzi dutela eta inplikatzeko desio gehiago dagoela".

Gaineratu du haserre hori ez dela ona, baina inplikatzeko gogo hori aprobetxatu beharra dagoela. Eta beste ideia bat ere sakondu nahi izan du; hiritarrek zein konfiantza daukaten gizarte eragileengan. Kapital sozial hori jendeak izugarri ondo baloratzen duela azaldu du Olanok eta hori ere aukera bat dela. Orain zailtasunak dituztela eraginkor egiten.

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak ere atentzioz entzun ditu aurkeztutako datuak eta ideia hau azpimarratu nahi izan du: "Gipuzkoan zein portzentaje handik hartzen duen parte elkartetan. Izan ere, esate baterako, Arrasaten jakina da elkarte pilo bat dauzkagula, jende askok boluntario elkartetan lan egiten duela, baina ez nuen pentsatzen Gipuzkoa mailan ere lautik hiruk parte hartuko zutenik elkarteren baten. Uste dut hori oso positiboa dela eta niri arreta piztu deitu dit datu horrek".

Arrasateko saioa eta datozen asteetan udalerri gehiagotan egingo direnak gogoeta eta lanketa prozesu zabalago baten jarraipena dira. Oraingo saioetan iritzi eta balorazioak jaso nahi dituztela azaldu du Maribel Vaquerok eta etorkizunera begira, gipuzkoarren kultura politikoa hobetzeko eman beharreko urratsak pentsatzen lagunduko dutela jasotako iritzi guztiek.

Bertaratutakoak bi taldetan banatuta, bakoitzaren gogoetak partekatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak