Enrike Letona preso ohiari bankuko dirua atzeman diote 'Zerga' operazioaren barruan

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 17a, 16:52

50 preso ohiren ondasunen aurkako operazioa jarri du martxan gaur Guardia Zibilak, eta horien artean dago Enrike Letona preso ohi arrasatearra. Eguerdi partean izan du operazioaren berri komunikabideen bitartez, eta bankura joan denean bere aurrezki guztiak kendu dizkiotela ikusi du. Bihar mobilizazioak egongo dira Arrasaten gertatutakoa salatzeko.

Zerga izena jarri dio Guardia Zibilak 50 preso ohi baino gehiagoren ondasunen aurka abian jarri duen operazioari. "Terrorismoaren" biktimek ordaindu gabe dituzten kalte ordainak ordaintzeko helburuarekin jarri dute martxan, eta horretarako preso ohien kontu korronteak, ibilgailuak eta bestelako ondasunak atzematen hasi dira.

Preso ohi horien artean Enrike Letona arrasatearra dago. 1987an izan zen atxilotua, eta 16 urteko espetxealdia bete ostean aske geratu zen 2003an. Beraz, kartzelan sartu eta 31 urte ostean heldu da bere ondasunen aurkako neurri hau.

Letonak GOIENAri esan dionez, komunikabideen bitartez jaso du operazioaren berri: "Inor ez da nirekin kontaktuan jarri, ezta nire abokatuarekin ere. Komunikabideen bidez jakin dut guzti honen berri. Eguerdi aldera izan da hori. Handik gutxira banketxera joan naiz dirua ateratzera, eta nire kontuan 0 euro zeudela ikusi dut". 

Mobilizazioak, bihar

Sortuk mobilizazioak iragarri ditu polizia operazioaren eraginak jasan dituzten presoen herrietan, tartean Arrasaten ere. Hitzorduak zehaztu gabe daude, baina laster emango duten horien berri.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren oharra

Polizia operazio honen aurrean honako oharra kaleratu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.

"Audientzia Nazional espainolak hainbat preso politikoren kontu korronte eta ondasunen gainean burututako bahituraren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Estatu espainola eta frantsesa gerra egitera etorri ziren Euskal Herrira eta gerra egiten jarraitzen dute. Argi daukate erresistentziaren hazi bakarra dagoen bitartean, ez dela guztiz bukatuta egongo euskal erresistentzia iraultzailea, eta hori dela eta tematuta dabiltza, ez soilik garaipen militarrean, baizik eta garaipen ideologiko osoan, hortxe umiliazioa ere sartzen delarik.

Preso politiko ohien ondasunei eraso egitea haien bizibide berari eraso egitea da. Presoak kartzelan urte luzez mantentzeaz gain, bizi osorako murgildu nahi dituzte pobrezian, lan egiteko edo etxebizitza bat edukitzeko oinarrizko eskubideak urratuz. Israelek Palestinarekin egiten duenaren antzera, eta intentsitatean dagoen alde handiaz ohartzen bagara ere, palestinar presoen etxebizitzak erausten dutenean Israelek bilatzen duen helburu berbera bilatzen du Espainiak, lehenago esan bezala, preso politiko ohiak
pobreziara kondenatuz. Kasu batzuetan Guardia Zibila izan da ondasun horiek bahitzera bertaratu dena,
automobilen kasuan esaterako, eta berriz esan beharra dugu torturatzaile eta hiltzaile erakunde terrorista horrek ez duela inolako zilegitasunik euskal herritarren ondasunak lapurtzen segitzeko. Inoiz ez zuten Euskal Herrian egon behar, okupazio indarren parte diren heinean. Gaurkoan ere esan behar diegu, alde hemendik!

Bukatzeko, azpimarratu beharra dugu operazio hau ez dela edozein momentutan etorri, eta ez dela kasuala hainbat preso eta preso ohi salbuespen epaitegiek ezarritako erantzukizun zibila euren borondatez ordaintzen hasi direnean gertatzea. Preso politikoen kasuan ez dago irtenbide indibidualik, beste batzuetan esan dugun bezala batek egiten duenak beste guztiei eragiten dielako. Erantzukizun zibila ordaintzen ari direnek kontziente izan behar dute ordaindu nahi ez dutenei egiten dieten kalteaz, eta batez ere zapaltzen gaituzten estatuen errepresioari ematen dioten zilegitasunaz. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak desobedientziarako deia egiten du berriz ere. Errepresioaren kudeatzaileei txanpon bakar bat ere ez!"

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak