"Ordubete inguru irauten duen emanaldia da eta hainbat diziplina uztartzen ditu: antzerkia, dantza, bideo animazioa, interakzioa, musika eta, berrikuntza modura, robotika ere bai. Dantzari eta aktoreez gain, bi robot ere ariko dira oholtza gainean", azaldu du Ander Garaizabalek, Logela Multimediako kideak.
2800. urtean girotutako istorio bat kontatzen du ikuskizunak. Hori dela eta, roboten presentzia beharrezko ikusi zuten. "Bageneukan istorio bat kontatzeko gogoa eta istorio horrek eskatzen zuen robotak egotea oholtza gainean. Ikerketa-lan baten ostean, irten dira robotak, eta emaitzarekin oso pozik gaude", dio Garaizabalek.
Istorioari dagokionez, etorkizunean girotuta egon arren, aktualitatearekin lotuta dago. "Fokua jarri dugu natura zaintzeko behar horretan. Natur baliabideak agortu egiten direla jakinarazi nahi diegu umeei, eta beste hainbat mezu ere helarazten saiatzen gara ikuskizunaren bidez".
Lau lagun dira, bi pertsona eta bi robot. Ura lortzeko misio batean daude. Badago Sara izeneko ikerlari bat eta hark darama misioaren pisua. Ura lortzeko, natura ulertu eta maitatu beharko dute.
Harrera ona
Duela zortzi hilabete estreinatu zuten ikuskizun hori eta dagoeneko hamabost emanaldi eskaini dituzte. Gustura daude izandako harrerarekin. "Umeak lehenengo momentutik liluratuta geratzen dira eta komunera joateko ere ez dira altxatzen. Gurasoek ere ondo pasatzen dute ikuskizunarekin".
Ikastetxeekin lanketa
Emanaldiaz harago, hainbat ikastetxerekin lanketa berezia egiten ari dira, "naturaren aldeko mezua zabaltzeko". Hala, ikastetxeetara hazi batzuk bidaltzen dituzte eta planteatzen dutena da ikasleek hazi horiek ereitea eta jarraipena egitea. Arrasate Herri Eskolan, adibidez, landatu dituzte dagoeneko.