Gaur, eguena, inauguratu dute eta maiatzaren 25era bitartean egongo da bisitatzeko aukera. Memoriaren plaza Unibertsitatean izena du erakusketak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko 7. eraikinean dago ikusgai. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren eta hiru euskal unibertsitateen arteko bizikidetzarako eta giza eskubideetarako konpromiso partekatua du abiapuntu.
Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek inauguratu dute, Memoriaren plazaren espazioa.
Proiektua herritarren parte-hartzetik eraikia da. Duela bi urte ekin zitzaion, memoria anitza eta partekatua eraikitzeko helburuarekin. Horretarako, Euskal Herrian azken hamarkadotan gertatutakoa islatzen duten testigantzak erakusgai ipini ziren. Erakusketa ikustera doanak, beraz, Gogorak memoriaren inguruan jaso dituen testigantzak entzungo ditu. Euren esperientzia kontatzen duten biktimen eta herritarren lekukotzak, bai eta gazteenak, haiek lehen pertsonan bizi ez badituzte ere, gertatutakoaren inguruko hausnarketa egiten dutenen lekukotzak. Memoriaren plaza ekimena unibertsitatera eroan bada, izan da, ikasleek beraiek bizi ez duten iraganean gertatutakoari buruzko ikerketa kritikoa sustatzeko.
"Urrats garrantzitsua"
Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak inaugurazioan adierazi du, pozgarria dela "Mondragon Uni-bertsitateak azken urteotan Euskadin lantzen ari den bake-prozesuan laguntzea. Mondragon Unibertsitatean uste dugu oso urrats garrantzitsua dela bake-gintzaren eta bizikidetzaren planintegrala egitea".
Jonan Fernandezen iritziz, Memoriaren plaza ekimenak unibertsitatean ibilbidea hasi izana oso albiste garrantzitsua da. Izan ere, "hitzaren, arrazoiaren eta elkarrizketaren balioak etorkizun hobe baten esperantza irekitzen du, iraganari buruzko hausnarketa kritikoaren inguruan oinarrituta".