Hiru parketako suhiltzaileak joan dira sutea itzaltzera; Zubillaga, Arrate eta Korostikoak. Sutea kontrolatu ostean, estudioko hainbat material leihotik bota dituzte.
Iñaki Bengoa, Shot! estudioko kudeatzailea ez zegoen eraikinean sutea hasi denean, eta suhiltzaileak lanean zebiltzan bitartean heldu da.
Estudioa bera kiskalita geratu da suaren eraginez, eta kalte material oso larriak jasan ditu. Babes berezidun zorroak zituzten gitarraren bat edo beste libratu dira soilik; beste guztia kiskalita geratu da.
Alboko lokalei, baina, ez zaie sua heldu eta izan dituzten kalte materialak kearen eta su-hiltzaileen uraren eraginez jasandakoak izan dira.
Lekukoen bertsioa
Hala bizi izan du gertutakoa Bastida akademiako Xabi Arnaizek: "10:30ak inguruan suaren alarma entzun dugu. Behetik pertsona bat jaitsi da sua zegoela jakinaraziz. Orduan, guk gure segurtasun protokola aplikatu dugu, eta ikasle guztiak jaitsi ditugu behera. Segidan iritsi dira ertzaintza eta su-hiltzaileak, eta sua itzali dute".
Bastida akademian, klaserik ez gaur
Momentu honetan suak eragindako kalteak arintzeko lanetan ari dira: erretako materiala ateratzen, suhiltzaileen ura kentzen eta garbiketa lanak egiten. Horren ondorioz, Arnaizek adierazi du gaur arratsaldeko klaseak bertan behera gelditu direla, baina bihartik aurrera normaltasunera itzuli ahal izango direla aitortu du.