Shot! estudioko suteari buruzko erreakzioak

Mireia Bikuña 2018ko mai. 11a, 15:33

Musika talde eta bakarlari asko izan dira Arrasateko  estudioan diskoak grabatu dutenak. Horietako batzuen iritziak eta balorazioa jaso dugu, gaur goizeko ezbeharraren ostean.

Juan Sangre (Governors)

"Ekonen lehen maketa eta Brutal Melodyren lehen diskoak Shot!-en grabatu genituen. Lehen urratsak oso inportanteak dira eta nik Arrasaten eman nituen. Herrian, etxetik gertu, grabazio estudio bat edukitzea luxu bat da. Pena handia daukat estudioan ezagutu ditudan lagunengatik, eta bereziki, Iñakirengatik eta Pellorengatik. Animo handia haiendako. Ea galera handi honi buelta ematerik duten".

 

Mikel Balanzategi (Txorbela Otxotea)

"Diskoa guk grabatu genuen, baina, ondorengo produkzio lanak Iñakirekin egin genuen. Oroitzapen polita daukagu. Estudioa ezagutzen genuen eta harreman zuzena izan genuen eurekin. Tamalgarria da gertatu dena, baina, kalteak, bakarrik materialak izan direla jakiteak, lasaiago uzten nau".

 

Ritxi Aizpuru (Baga-Biga musika ideiak)

"Suak dakarrena, keak darama, kantuetan emandakoa, diskoetan geratzen da. Eta gu hemen. Beti diskoak hor. Iñaki Bengoak kantuak egiteko, sortzeko eta gero haizean irauteko melodiak egin ditu Shot estudioan eta gero jendartera zabaldu. Shot! estudioari ura botako diote eta hamaika disko eta pentsamendu aterako dira igerian. Suak ekarri duen hondamendia estali dezatela grabazio berriek Iñaki Bengoaren eskutik".

 
 
 
Jon Garai (Arrasateko kultura teknikaria)
 
"Shot! musika estudioa erreferente da grabazioetarako. Herrikoak ez ezik, inguruko herrietako musika sortzaile ugarik jo izan du bertara. Eta, nola ez, gertatu dena galera da Arrasaterendako. Tartean, herriko kultur sortzaile ezberdinek jardun baitute Shot! musika estudioarekin elkarlanean. Onena besterik ezin diogu opa". 
 
 
 
 
Arkaitz Biain (Anger)
 
"Albiste txarra izan da. Guretzat oso inpaktantea. Shot!-en diskoak grabatzeaz gain, lagunak ditugu. Harreman estua daukagu eurekin. Kezkatuta gaude, baina laguntza emateko prest. Halako estudio bat herrian egotea oso inportantea izan da. Bereziki, ikasketa prozesu baten murgiltzeko aukera izan dugulako. Musika munduan halako jakintza  duten pertsonekin lan egitea oso aberasgarria izan da. Gauza berriak deskubritzeko orduan, pausu bat aurretik ibili dira beti Shot! estudioko lagunak".
 
 
 
 
Iker Barandiaran (Kooltur Ostegunak ekimena)
 
"Kriston kolpea eta pena hartu dut. Lehenik eta behin, aspaldiko lagun dudan Iñakirengatik. Bestalde, Shot! eta lau pareta horiek 90eko hamarkadatik gaur egunera arte Arrasaten izan diren esperientzia askoren sorleku eta lekuko izan dira; estudio bat baino gehiago topalekua izan da-eta. Gainera, grabazio estudioak urriak eta ia helduezinak zirenetik herrian Shot! izatea izugarrizko abantaila izan da; hemen izan diren talde eta proiektu interesgarri ugariak ikustea besterik ez dago, horra emaitzak. Gauzei erreparatzen diegu galdu edo kaltetzen direnean; ea gai garen buelta eman eta horri segida ematen!". 
 
 
 
 
 
Iñigo Zubiarreta (S.A.)
 
"Gure taldeak Iñakirekin berarekin eta Shot!-ekin izan duen harremana ikusita, lur jota gaude. Triste. Minduta. Denok dakigu zer nolako lana dagoen grabazio estudio baten atzean, eta Iñaki beti egon da hor, zereginean erne eta tinko.Gainera, Jul-en omenaldirako entseguak Shot!-en egin genituen. Iñaki S.A.-rekin ibilitakoa da teknikari moduan. Harreman oso estua daukagu. Horregatik, gure partetik elkartasun eta indar guztia bidali gure diogu Iñakiri. Besarka bat eta animo!". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak