Shot! grabazio estudioa kiskalita sute baten ondorioz

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 11a, 11:23

10:30ean hasi da sutea Araba etorbidean dagoen Shot! grabaketa estudioan. Sua piztu den unean ez zegoen inor lokal barruan, eta alboko lokalekoek eman dute abisua. Suaren eraginez grabaketa estudioak kalte material oso larriak jasan ditu. Alboko lokalei ez zaie surik heldu, baina kearen eta su-hiltzaileen uraren eraginez hainbat kalte material izan dituzte.

Hiru parketako suhiltzaileak joan dira sutea itzaltzera; Zubillaga, Arrate eta Korostikoak. Sutea kontrolatu ostean, estudioko hainbat material leihotik bota dituzte.

Iñaki Bengoa, Shot! estudioko kudeatzailea ez zegoen eraikinean sutea hasi denean, eta suhiltzaileak lanean zebiltzan bitartean heldu da.

Estudioa bera kiskalita geratu da suaren eraginez, eta kalte material oso larriak jasan ditu. Babes berezidun zorroak zituzten gitarraren bat edo beste libratu dira soilik; beste guztia kiskalita geratu da.

Alboko lokalei, baina, ez zaie sua heldu eta izan dituzten kalte materialak kearen eta su-hiltzaileen uraren eraginez jasandakoak izan dira.

Lekukoen bertsioa

Hala bizi izan du gertutakoa Bastida akademiako Xabi Arnaizek: "10:30ak inguruan suaren alarma entzun dugu. Behetik pertsona bat jaitsi da sua zegoela jakinaraziz. Orduan, guk gure segurtasun protokola aplikatu dugu, eta ikasle guztiak jaitsi ditugu behera. Segidan iritsi dira ertzaintza eta su-hiltzaileak, eta sua itzali dute".

Bastida akademian, klaserik ez gaur

Momentu honetan suak eragindako kalteak arintzeko lanetan ari dira: erretako materiala ateratzen, suhiltzaileen ura kentzen eta garbiketa lanak egiten. Horren ondorioz, Arnaizek adierazi du gaur arratsaldeko klaseak bertan behera gelditu direla, baina bihartik aurrera normaltasunera itzuli ahal izango direla aitortu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak