Banco Popularrek hala eskatuta Bergarako epaitegiak etxegabetze-agindua egiteko data jarria zuen: maiatzaren 30a. Pedro, 67 urteko erretiratua, eta Santa –elbarritasun bat du– euren ohiko etxebizitza barik geratuko lirateke agindu horren ondorioz.
Hainbat ordezkari
Garibai etorbidean hainbat lagun elkartu dira Kaleratzeak Stop plataformak deituta. Tartean izan dira ondoko alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak: Ahal Dugu, EH Bildu, PSE-EE, Irabazi, CCOO, ELA eta LAB.
Plataformako kide Juan Luis Merinok esan du azken berria dela bertan behera geratu dela etxegabetze-agindua, eta alde biak elkarrizketetan daudela.
Abal-emaileak izan ziren
Salba Gonzalezek azaldu du bankuek egiten dituzten abusuak salatu gura dituztela, bidegabeak direlako. Gainera, Pedroren eta Santaren kasua azaldu du: euren lagun batek enpresa txiki bat sortu ahal izateko abal-emaileak izan ziren, eta enpresa hori "pikutara joan zenez", Pedroren eta Santaren etxebizitza bankuak eskuratu zuen. Gaineratu dute etxebizitzak ez duela kargarik: "Dagoeneko ordainduta dagoen etxebizitza bat da", diote.
Akats bat: babes judizial eza
Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin abokatuek gaiaren inguruko datu zehatzak eman dituzte. Azaldu dute Bergarako Epaitegiak erabakia eman zuen unean apelaziorako eskubidea zutela Pedrok eta Santak, baina epaileak ukatu egin ziela. Garai hartako abokatua ez zen horretaz konturatu eta ez zuten errekurtsorik jarri. Erauskinek azaldu du oinarrizko eskubide bat urratzea dela hori: babes judiziala. Horregatik, orain, Konstituzio Epaitegiak dioenaren zain daude. Espero dute hilaren 30a baino lehen Konstituzio Epaitegiak zerbait esango duela: ordura arte etxean egongo dira Pedro eta Santa.
Arrasateko Udal Gobernuaren oharra
Gai honen harira, Arrasateko Udal Gobernuak oharrak atera du. Diote bankuarekin eta plataformarekin harremanetan egon direla egoerari irtenbidea emateko, eta etxegabetze agindua bertan behera geratu denez ez zutela elkarretaratzean parte hartu.