Arizmendiarrietaren ikasle eta lagun izandakoak eta Mondragoneko zein erakundeetako hainbat ordezkari izan dira estreinaldian.
Ia 40 testigantza
Arizmendiarrieta. El Hombre Cooperativo, filma egiteko protagonistarekin lotura zuzena izan zuten ia 40 lagun elkarrizketatu ditu Gaizka Urresti zuzendariak; oso pozik agertu da "esperotako estreinaldian" jasotako harrerarekin. Dokumentala Euskadin eta Erroman filmatu da eta Mondragon Taldeko fundatzailea izan zenaren senitarteko, ikasle eta adituek hartu dute parte. Kepa Junkeraren laguntza ere izan du zuzendariak, Junkeraren lehen soinu banda izan da-eta zinema munduan.
Parroko izatetik, erabateko eragile izatera
1915ean Markinan (Bizkaia) jaioa, Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz egin eta 1941ean hasi zen Arrasateko parrokian mezetan. Garai horretan gerra osteko egoera gogorra bizi zuen Arrasatek eta lan egoerak bereziki zailak ziren. Arrasaten egin zuen parroko gisa bere ibilbidea eta hemen abiarazi zituen, herriko hainbat gazteekin elkarlanean, tokian tokiko mugimendu kooperatibista berreskuratzeko oinarriak.
Egungo lehen euskal enpresa taldea
Gaur egun, 60 urte geroago, Mondragon Kooperatiba lehen euskal enpresa taldea da eta egun 70.000 langile baino gehiago ditu, alor ezberdinetako 268 enpresa eta kooperatibatan banatuta. MCCren parte dira: Fagor, Eroski, Orona, Orbea, Lagun Aro, Maier, Mondragon Unibertsitatea edo Caja Laboral-Laboral Kutxa. Halaber, MCC munduko talde kooperatibista handiena da, 150 herrialdeetan baino gehiago egiten du lan eta, hain zuzen, bere lan egiteko eredu hori da, nazioarte mailan aztertu eta eredutzat hartzen dena.