Auzi-jartzaileek, bi elkarteetako 954 pertsonek, demostratu beharko dute Mondragon Taldeak "informazioa ezkutatu" ziela eta horregatik ez zituztela Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibetan zituzten ekarpenak atera. EAEko inoizko demandarik handiena da honako hau, bai auzi-jartzaile kopurua kontuan izanda –Fagor Etxetresnak eta Edesaren itxierak kaltetutako 4tik 1 da demandatzailea, guztira 3.600 pertsona gelditu baitziren egoera horretan –, baita eskatzen den diru kopurua kontuan izanda –47 milioi euro–.
Demandatzaileek azpimarratu dute epaileak Fagor Etxetresnetako, Edesako eta Mondragon Taldeko arduradun izan diren hainbat deklaratzera deitu izana. Auzi-jartzaileek testiguei eskatu diete "esan dezatela egia", uste baitute horrela frogatuko dela Mondragonek langile ohiak engainatu zituela euren ekarpenak kooperatibetan mantendu zitzaten, lantegien egoeraren jakitun izanik ere.
Bestetik, Mondragonek argi du bazkideek "ezagutzen" zituztela "Fagor Etxetresnen eta Edesaren egoera eta inbertsioaren arriskuak, kooperatibako bazkide ziren heinean. Mondragonentzat, demanda gainerako kooperatiben eta bazkideen kontra doa: "Izan ere, Mondragon ez da enpresa holding bat, non enpresa nagusiak kooperatiba guztien gaineko kontrola egiten duen". Taldeko iturriek jakinarazi dute, Mondragon dela konkurtsoko sozietateen hartzekodun nagusia eta beraz, kaltetu nagusia.
Mondragonek nabarmendu du, gainera, Pedro Jose Malagon administrazio epaileak ebatzi zuela Fagor Etxetresnek eta Edesak "ez zietela informaziorik ezkutatu hartzekodunei".