Euskal kulturaren pizkundea izan zen 60ko hamarkadan eta Oskarbi, haren emaitza dela dio, taldeko kide den Joselu Trekuk. "Kantu herrikoiak berreskuratuta eta guk geuk sortutakoak ere eskaintzea izan da, eta da, gaur egun ere, gure helburua. Lehenengo hamabost urteak eromena izan ziren; urtean 60 kantalditik gora ematen genituen Euskal Herri osoan, eta disko pila bat grabatu genituen. Geroago mantsoaldi bat izan genuen, bost bat urte kantatu gabe egon ginen, eta 1990ean berriz ere heldu genion gure bideari".
Gaur egun hamar kide dira: hasieratik ari diren Iñaki Maritxalar eta Joselu Treku ia ibilbide osoan bidelagun izan dituzten hainbat lagunekin batera, eta azkeneneko urteetan batu zaizkien musikari gazteak.
Arrasaten askotan kantuan
Taldea sortu, eta pare bat urtetara, Ez Dok Amairu-ra hurbildu zen Oskarbi, eta elkarrekin kantaldiak eskaini zituzten lau urtez. "Gogoan dut Benito Lertxundirekin egin genuela behin Eskola Politeknikoan; hamar bat kantaldi egin genituen Arrasaten. Lagunak genituen han eta gustura joaten ginen".
Poesia berria eta kantu herrikoiak polifoniarekin uztartzen ditu Oskarbik; Bitoriano Gandiaga izan dute autore kuttun, baina istorio bitxi asko kantatu dituzte: "Arrasateko historialari Esteban de Garibaik jaso zuen Lasturko Miliaren eresia izenekoa etziko kantu zerrendan dugu. Arrasate ondo deskribatzen duten XVIII. mendeko bi emakume bertsolariren bertsoak dira, hileta baten abesten zituztenak. Ez zeukan doinurik eta Ertaroko musika jarri genion; gutxitan abestu genuen eta hainbat moldaketa eginda, Arrasaten eskainiko dugu domekan".
Errepertorioa hiru zatitan banatu dute: "Landarbasok berea egingo du lehenengo, ondoren guk gurea, eta elkarrekin Oskarbiren abestiak, borobiltzeko".