Elikagaiak banatzeko hiru aldeko akordioa

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 8a, 16:10

Eliza Ebanjelikoak Gipuzkoako Elikagaien bankuko elikagaiak banatzeari utzi zion duela urtebete. Orain, Harreman GKEren, Caritasen eta Udalaren arteko akordioari esker, beharra duten Arrasateko 604 lagunek elikagaiak jaso ahal izango dituzte berriz.

Urtebetez egon da etenda Gipuzkoako Elikagaien Bankuko jakien banaketa Arrasaten. 2011tik 2017ra Eliza Ebanjelikoak egin zuen banaketa zerbitzua, baina, lokal barik geratu ostean, urte hartako martxoan egin zuten azken banaketa. Ordutik hona ez da zerbitzu hori egon Arrasaten, baina, hiru aldeko akordio bati esker, berriz banatuko dira elikagaiak behartsuenen artean. Udalak, Harreman GKEk eta Caritasek sinatu dute, eta, hasiera batean, urtebeteko iraupena izango du.

"Esaera txinatarrak dio: Emaiozu arrain bat norbaiti, eta egun batez izango du zer jan. Baina arrantzan erakusten badiozu, egunero izango du zer jan. Filosofia horrekin bat egin dugu beti, eta Elikagai Bankuaren banaketa egiteko zalantzak izan genituen. Baina konturatu gara herrian beharra dagoela, eta gure ekarpena beharrezkoa zela", azaldu du Harreman GKEk.

Rolak banatuta

Akordio horrekin, Udalak Mesedeetako ikastetxeko bi gelaren alokairua ordainduko die mojei, banaketa eta biltegiratzea egin ahal izateko. Horrez gain, garraio gastuak –jakiak Elikagaien Bankuak Bergaran duen biltegitik Arrasatera ekartzearenak– eta lokaletako argiteria eta mantentze gastuak ere hartuko ditu bere gain.

Harremaneko Elikagaien Bankuko boluntarioek elikagaiak batzeko, biltegiratzeko eta hartzaileen arabera dosifikatzeko ardura hartuko dute. Dosifikatzearena "ez da lan makala", kontuan izanda janaria ez zaiela pertsonaka banatuta heltzen, kiloka baizik.

Banaketa hileko hirugarren asteko eguenean egingo dute, eta hori ahalik eta erosoen egiteko Eroskik 45 erosketa-karrotxo eman dizkie. "Boluntario gehienak erretiratuak dira, eta karrotxoen laguntzarekin errazago egingo dute lan. Eroskiri eta lagundu digutenei eskerrak eman nahi dizkiegu", azaldu du Amaia Aspiazu zinegotziak.

Caritasi dagokionez, beharra dutenen zerrenda osatzeko eta hileroko maiztasunarekin eguneratzeko ardura hartuko du.

604 laguneko zerrenda

Gaur egun, hori da zerbitzu horren beharra duten pertsonen kopurua Arrasaten. Diru sarrerarik ez dutenek, edo DSBE – beste inongo sarrerarik gabe– jasotzen dutenek jaso dezakete zerbitzu hori, betiere, Arrasaten erroldatuta badaude. Zerbitzua baliatzeko, Gizarte Zerbitzuetan, BAZen edo Lanbiden hartu beharko da eskaera orria, eta ondoren Caritasera eraman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak