Urtarrilean, Arrasateko Bibliotekako irakurle taldearekin bildu zen Asier Serrano, Linbotarrak poema liburuari buruzko solasaldia egiteko; idatzitakoak irakurleekin partekatzea gustuko duela dio. Liburu bera eta haren aurretik idatzi zuen Ate osteko itzalak izenekoa ere eskuetan hartuta izango da bihar, eguena; oraingoan, baina, bi musikari alboan dituela. “Hiruko baten lehenengo zatia da, Ate osteko itzala, eta nitasuna planteatzen dut; Linbotarrak da bigarrena, eta gu, hau da, bizi dugun gizartearen ispilua da. Poesiaren betaurrekoetatik gaur egungo gizartea erretratatzeko modua da”.
Bidai baterako proposamena
Hirurak aspaldiko lagunak direla dio Serranok: “Bakarkako nire ibilbidean eskuineko eskua izan da beti Sarasua, eta Fernandezen bakarkako diskorako hitz batzuk idatzi nizkion. Ikuskizunean bidaia bat planteatzen dugu, eta bidaia horretan eurek beste ahots bat eskaintzen diote; musikari moduan arituko dira, bereziki, baina poema zatitxoak errezitatzeko erronka ere bota nien”.
Istorio bat kontatzen dutela dio idazleak: “Ikuslea gidatzeko, irudi batzuk izango dira atzean, baina, eratu duguna istorio bat da, eta istorio hori norberak bere maila pertsonaletik ikusi behar du. Aipatutako bi liburu horietatik poema batzuk aukeratu ditugu, eta, horiek guztiak lotzeko, nire musika ibilbidean egindako hamabi abesti erreskatatu ditugu –Lorelei taldearekin, bakarka zein beste musikari batzuekin– . Kantu horiek izango dira gure bidaiaren geltokiak”.
Poesia errezitaldi bat baino, kontzertu bat dela dio Serranok: “Beti esan dut bi maitale izan ditudala: literatura eta musika; azkenaldian, literaturan murgilduta nabil, baina banuen musikari heltzeko gogoa, eta esango nuke musika-maitalearekin adiskidetzeko gune bat izan dela honako ikuskizun hau; gustura ari naiz, gitarra eskuan berriz ere kantuan”.