Foru Aldundiko eta Arrasateko Udaleko ordezkariak egon dira Kultura Digitala landuko den gunea ezagutzen: autobus ibiltaria eta karpa. Han egingo dire ekintza gehienak. Batetik, ikasgela ibiltaria –autobusa– egongo da Biteri plazan. Nagusiki, programazio tailerrak eskainiko dituzte bertan; smartphoneak zein tabletak erabiltzeko ikastaroa eta webguneak sortzen ikasteko saioa, adibidez.
Eta Kulturate ere erabiliko dute, adin guztietako herritarrei zuzenduriko formakuntza saio, hitzaldi eta ikuskizunak egiteko. Horri lotuta, besteak beste, Ziberbullynga prebenitzeko eta murrizteko esku hartze programa –profesional zein gurasoentzat– eta haurrendako Aita konektatuta nago ipuin kontaketa izango dira.
Helburuak
Hilaren 20tik 25era egingo dituzten ekintzen helburua zera da: haurren eta gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzen aurrera egitea eta garapen soziala eta kulturala ahalbidetzea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria diputatu Deni Itxasok halaxe esan du: "Teknologia berriak gure bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko moduak aldatzen ari dira, eta egoera horren aurrean, umeek, nerabeek eta gazteek ez dute esoerientziarik edota kanpoko erreferentziarik planteatzen zaizkien erronkei aurre egiteko".
Horregatik, Aldundiak Kultura Digitaleko programa ipini zuen martxan 2017an, "sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzeko".
Maria Ubarretxena alkateak ere oso ondo baloratu du halako ekintzak Arrasaten egitea: "guretzat ohorea da. Arrasaten apustu irmoa egiten dugu kulturaren alde eta aste digitala horietako apustu bat da. Mundu digitalean sakondu eta hori kontzienteki sustatzea ezinbestekoa dela deritzogu".
Bost udalerritan
Lehen esperientzia Tolosan, Ordizian, Eibarren, Errenterian eta Arrasaten egin da. Erantzuna ikusita, hurrengo batean beste bost udalerritan egingo dutela aurreratu du Itxasok.