Maiatzaren 4an izango da aurre-estreinaldia eta hurrengo egunetan, maiatzaren 5ean, 6an eta 7an ere ikusteko aukera egongo da. Maiatzaren 11tik aurrera ikusi ahal izango da zine komertzialetan.
Goya sari bat duen Gaizka Urresti ekoizle eta zine zuzendariak zuzendu du lana. Jose Maria Arizmendiarrietaren izateak eta obrak txundituta, haren gaineko dokumentala lantzeari ekin zion 2013an. Arizmendiarrieta. El hombre cooperativo, apaiz baten historia da, lider batena, enpresa-gizon batena eta ideologo batena.
40 testigantza
Testigantzak dira dokumentalaren oinarria. Kooperatibismoaren sorreran eta garapenean zeresana izan duten pertsonak dira horietako asko eta asko. Jose Maria Ormaetxea, Alfonso Gorroñogoitia, Javier Retegi, Ainara Udaondo edo Begoña Ocio dira horietako batzuk. Horien eta beste batzuen testigantzen bitartez, dokumentalak, Arizmendiarrietaren legatuaren eta pertsona gisa izan zenaren gaineko berreraikitze bat egiten du.
Grabaketak, hainbat tokitan egin dituzte, Markinan, Arrasaten edo Erroman, besteak beste. Haren gaineko ikus-entzunezko material gutxi dagoela kontuan hartuta, animazioaren bitartez egin dira haren bizitzako pasarte batzuk, esaterako, Gerra zibila, Arrasatera iritsi zeneko garaia edo gatazka epistolarrak. Animazio horiek Juanfer Briones komiki egilearen esku utzi ditu Urrestik. Soinu banda, berriz, Kepa Junkerak sortu du.
Dokumentalak kooperatibagintzaren ertz asko erakusten ditu. Alde onak, oparotasuna, baina baita bestelakoak ere, esaterako, Fagor Etxetresnen itxiera.