Datozen 10 urteetarako lan-ildoa, elkarlanean

Eneko Azurmendi 2018ko api. 12a, 14:58

Kirol Plan Estrategikoa aurkeztu dute asteon, herriko kirol komunitatearen eskariari erantzunez. 332 ekarpen, 35 proiektu, 13 lan-programa, eta lau ildo estrategiko ditu barne, eta kirolarekin erlazionatutako herritarrek eta eragileek hartu dute parte.

Arrasateko Udalak hurrengo hamarkadarako gida bat izango du, kirol arloari lotutako erabakiak hartzeko. "Plan estrategikoa egitea herriko kirolari eta kluben aspaldiko eskari bat izan da, eta izan duen parte-hartze zabala da eskari horren erakusle", adierazi du Ander Garayk, Udaleko Kirol zinegotziak.

Prozesua urratsez urrats

Hasteko, kirol eskaintzaren eta aktibitatearen diagnostiko bat egin zuten Juanma Murua adituaren laguntzarekin, hainbat aspektu aztertuz: herriko klub kopurua, herrian antolatzen diren kirol ekintzak, kiroldegiko eskaintza eta erabilera kopurua eta kirola genero ikuspegiari dagokionez, besteak beste. Azken aspektu horretan, argiak eta itzalak detektatu dira; izan ere, emakumeen kirol klub gutxi daude, baina kluben zuzendaritzan emakumeen presentzia nabaria da.

Behin hori eginda, parte hartze fase bat egon zen, non Udaleko sailek, kirol klubek eta baita herritarrek euren ekarpenak egin zituzten. "Argi geneukan hasieratik herritarren ekarpenekin osatu nahi genuela plan hau. Jende askok parte hartu du, beste herri batzuetako prozesuekin alderatuta", azaldu du Udalarekin elkarlanean aritu den Juanma Murua adituak.

Urri inguruan ekarpenak egiteko epea zabaldu zuten, eta hiru eguneko tartean 332 ekarpen batu zituzten.

Talde eragilean, estrategiak

Ekarpenak batu ostean estrategiak zehazteko ordua zen, eta, horretarako, herritarrekin eta klubekin osatutako talde eragilea osatu zuten.

Azaroan egin zuten lehen bilera, eta, beste hiru gehiago egin ostean, hamahiru lan-programa eta 35 proiektu dituen plana zehaztu zuten. "Hainbat proposamen zehatz atera ziren bertatik, eta ondoren horiei lanketa teknikoa egin dugu", azaldu du Muruak.

Proposamenetako asko kirol instalazioak hobetzearekin lotuta daude. Horren harira, Musakolako kiroldegia berritzea da proiektu nagusia, eta jada martxan dago horri forma emateko prozesua. Horrez gain, eskoletako instalazioak hobetzea izango da beste lan-ildo bat, erabilera handiagoa izan dezaten.

Arrasateko Kirol Plan Estrategikoa:

Lan-ildo estrategikoak:

• Antolaketa

• Instalazioak

• Eragileak

• Kirola-turismoa

Lan-programak:

• Eskola adineko kalitatezko kirol eredua

• Nerabezaroan kirola egiten jarraitzea

• Kirolerako irisgarritasuna bermatzea

• Eskaintza herritarren zahartze joerara egokitzea

• Kirol eragileen funtzioak eta antolaketa ereduak

• Kirol komunitateari babesa ematea

• Kirolaren eta aktibitate fisikoaren aginte-koadroa

• Kirol ekipamenduen berrikuntzak

• Esku-hartzeak hiri eta natura guneetan

• Instalazioen mantentzea

• Eskola adineko kalitatezko kirol eredua

• Turismo agenteekin elkarlana

• Inpaktu turistikoa duten ekintzak antolatzea

• Kirol eskaintza hobeto komunikatzeko ekintzak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak