Lur-jausia izan da Makatzenan, euriaren eta igogailuaren lanen eraginez

Xabi Gorostidi 2018ko mar. 20a, 15:37

Ezbeharretik gertu bizi den bikote bat hotel batera eraman dute behin-behinekoz, txosten tekniko batek euren etxebizitza egonkor dagoela frogatu arte. Egonkorra dela frogatzen bada ere, bertan bizi den bikoteak aurreratu du, ez dutela bertara itzultzeko asmorik: "Segurua dela esaten badu ere, ez gara fidatzen".

Domeka arratsaldean, 15:30ak aldera, Makatzena auzoko eskailera alboan dagoen lursaila behera etorri zen. Auzoan igogailua jartzeko hasi berri diren lanen ondorioz zulaketak egin dira magal horretan. Horrek, eta egun hauetan egin duen euri kopuruak lur-jausia eragin zuten. Bizilagun batek abisua pasa zion Udaltzaingoari, eta segidan bertaratu ziren, udal ordezkari eta teknikariekin batera.

"Udaltzaingoaren deia jaso nuen, 15:30ak aldera, bertako pareta jausi egin zela esanez. Bertara hurbildu ginen, udal teknikari bat eta ni, eta ikusi genuen ez geneukala arriskurik zegoen edo ez esaterik" azaldu du Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko buru den Oscar Garcia zinegotzi sozialistak.

Lur-jausia gertatu zen eremutik oso gertu, Hondarribia kalean, bi etxebizitzako bloke bat dago. Bata hutsik dago, eta bestean bikote bat bizi da behin-behinean. Hala, badaezpadako neurri bezala, bertatik ateratzeko eskatu zieten, etxea egonkor zegoen ala ez frogatzen hasi aurretik.

"Bazkaltzen ari ginenean udaletxeko pertsona bat etorri zen, eta esan zigun, etxea utzi behar genuela, lur-jausi baten eraginez. Arrisku egoeran egoteko probabilitatea genuenez, badaezpada, irteteko eskatu ziguten. Urduri eta beldurrez bizi izan genuen momentua, oso gaizki" azaldu du Loli Diazek, etxetik atera behar izan zuen bizilagunak.  

Harri lubeta, konponbide

Gertatutako ezbeharra ikusita, astelehenean bertan batzartu ziren Udaleko ordezkariak, igogailua eraikitzen dabilen enpresako arduradunekin, eta harri lubeta bat jartzea adostu zuten. Oscar Garciak azaldu du, laster amaituko dutela, eta behin eginda dagoenean, ez dela arriskurik izango etxetik ateratako bizilagunak itzuli daitezen.

"Harri lubeta gaur eta bihar artean amaituko da, beraz oso azkar egin da esku-hartzea. Behin hori eginda, ez da egongo inongo arriskurik, zero arriskurik. Hurrengo pausua izango litzateke, adituek egindako txosten teknikoa bizilagunei ondo aurkeztea, ikus dezaten ez dagoela arriskurik, eta lasai itzuli daitezkeela euren etxera" adierazi du Garciak.

Txostena jaso bitartean, herriko hotel batean egonaldia ordainduko dio Udalak kaltetutako bikoteari, baina txosten tekniko hori gaur eta bihar artean amaitzea espero dute Udal gobernutik. Etxera bueltatzeko inongo arriskurik ez dagoela baieztatzen badu ere, Lolik eta bere bikoteak argi daukate ez direla berriz itzuliko.  

"Ni ez naiz bertara itzuliko, sentitzen dut, baina ez. Hotelean egun batzuk gehiago geratzea nahi dugu, gure etxe berria izango den horretan gauzak sartzeko denbora edukitzeko. Bizitzeko gauza oinarrizkoenak eramateko denbora eskatzen dugu, nahiz eta, berez, ekainera arte geratzea adostu genuen Udalarekin" azaldu du Diazek.

Lehen aipatu bezala, bi etxebizitzako bloke batean bizi dira Loli eta bere bikotea. Bestea hutsik dago, eta 2008tik Arrasateko Udala da haren jabea. Udal gobernuaren asmoa da, bloke osoa propietatean hartzea tutoretzapeko etxe lagunduak egiteko, eta urtarrilean akordioa lortu zuen Loli eta bere bikotearekin euren etxebizitza erosteko. Hala ere, ekainera arteko epea eman zieten, beste etxe bat erosi eta erreformak egiteko, eta tarte horretan gertatu da lur-jausiaren ezbeharra. Bikoteak hotelean geratzea eskatzen du prestatzen ari diren etxe berria gertu eduki bitartean, baina txosten teknikoak arriskurik ez dagoela esaten badu, Udala ez da hotela ordaintzera behartuta egongo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak