28. eskola-antzerkiaren jardunaldiak Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko ikasleei zuzenduta daude, eta lau fasetan burutuko dute.
Goizean, Amaia Antzokian egindako obren ostean, “pozik” agertu dira ikasleak, eta urduri egon diren arren, disfrutatu dutela adierazi dute: "Dialogoak ikastea ez da zaila izan, eta gure emanaldia ondo irten dela uste dut. Jendea gustura egon dela uste dut, eta gu ere hala egon gara", adierazi du Patxi Errementariaren parera egin duen aktoreak.
Lau antzerki-obra taularatu dituzte gaur, Amaia antzokian; Arizmendi-Gaztelupe II taldeak Gaztelupeko danbor magikoa; Arizmendi-Gaztelupe I taldeak Urrutiko aginte magikoa; Arrasate Institutuko taldeak Hollywoodeko izarrak, eta Arizmendi-Almeneko taldeak Patxi Errementaria.
Eskola-antzerki jardunaldiak lau fasetan
1. Fasea
DBHko 1. zikloko ikasleek prestaturiko lau antzerki-obra, LHko 5. eta 6. mailetako ikasleen aurrean, Amaia antzokian taularatuko dituzte (martxoaren 20an).
2. Fasea
LHko 6. mailako ikasleak Amaia Antzokira joango dira instalazioak modu didaktikoan ezagutu ahal izateko apirilaren 10an, 11an, eta 12an.
3. Fasea
Amaia Antzokian LHko, DBHko, Batxilergo eta Lanbide Hastapeneko ikasleentzako antzerki-talde profesionalen emanaldiak antolatu dira, guztira 8 emanaldi eskainiz (apirilaren 19an, 20an, 25ean, 27an eta maiatzaren 3an).
4. Fasea
Jon Zubiaga eta Olatz Pagaldai aktoreak (maiatzaren 15ean eta 17an) DBHko eskoletara joango dira antzerkia jakintzagai bezala duten ikasleekin beraien antzerki eskarmentua partekatu eta ikasleen galdereei erantzutera (lau saio).
Hainbat helburuko egitasmoa
Ikasleen artean antzerki zaletasuna hezkuntza adierazpen gisa lantzea, ikasleak antzokira eramatea antzerkia behatzen ohitzeko, aktibitatearen alderdi hezigarriak eta ludikoak ezagutaraztea, antzokiaren agertokiaren atzealdea (tresnak, baliabideak...) ikasleei ezagutaraztea, ikasleek ikasturtean zehar landutako obrak benetako antzokian taularatzea bertako baliabideez baliaturik, eta kultur transmisioa eta aisia sustatzea dira egitasmo honen helburu nagusiak.
Jardueran ikastetxeetako 90 ikasle antzezlek parte hartuko dute, 219 ikasle antzokia bisitatuko dute modu didaktikoan eta antzerki obrak 3.096 ikaslek ikusiko dute.