Kale garbiketa eredua aztertzen

Xabi Gorostidi 2018ko mar. 15a, 17:21

Arrasateko kaleen garbiketa CESPA enpresak egingo du 2021era arte, esleipen prozesu korapilatsu baten ostean. Zerbitzu hau udal langileek egitearen alde agertu izan da oposizioa, eta Udal Gobernuak hori egitearen bideragarritasuna neurtzeko txostena eskatu LKS kooperatiba arrasatearrari.

CESPA eta UTE Serbitzu SL FCC enpresen arteko lehia administratiboaren eraginez, urtarrilean hutsik geratu zen Arrasateko kaleen garbiketa zerbitzua kontratatzeko prozesu irekia. 2017ko maiatzeko osoko bilkuran zerbitzu hori CESPAri esleitzea onartu zuten, hurrengo lau urteetarako, baina bigarren postuan geratu zen UTE Zerbitzuak SL FCC enpresak errekurtsoa jarri zuen Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan, eta, ordutik gaia zurrunbilo juridikoan murgilduta dago.

Horren eraginez, zerbitzua esleitzeko kontratazio prozesua hutsik deklaratzea onartu zuen udalbatzak, eta ondorioz, CESPAren esku geratuko da kale garbiketa zerbitzua 2021era bitartean. Oposizioko alderdiak hasieratik lerratu ziren zerbitzu hau udal langileek egitearen alde, eta bi enpresa hauen arteko lehia osoko bilkuran landu den bakoitzean, euren postura berretsi dute.

Kale garbiketaren gaia Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeari dagokio, eta bertako buru den Oscar Garcia zinegotzi sozialistak, zerbitzua udalekotzeak izango lukeen kostua kalkulatzeko txostena eskatu zion LKS kooperatiba arrasatearrari.

LKSren ikerketa

Asteazkenean prentsaurrekoa egin zuten Udal Gobernuko eta LKSko ordezkariek. Azaldutakoaren arabera, zerbitzua udalekotzea garestiagoa izango litzateke. CESPA eta Serbitzu enpresek 2016an egindako eskaintzei %4,7ko KPI eguneraketa eginda ere, %5,7 eta %6,8 garestiagoa izango litzateke, hurrenez hurren. LKSko ordezkariek azaldu zutenez, konparaketa egiteko erabilitako zifrak eszenario "optimista" batekoak dira; kontratua eteteak eragin ditzakeen kalte ordainik gabe, eta CESPAko langileek jasotzen duten antzinakotasun plusik gabe.

Horrez gain, CESPAko langileek bide judiziala har lezakete, euren lanpostua mantentzea eskatzeko.

Udalak lan eskaintza publiko bat jarri beharko luke martxan, garbiketa zerbitzua egingo luketen langile publiko berriak aukeratzeko. Eszenario horretan, Arrasateko kaleak garbitzen dituzten CESPAko langile asko aukera gabe geratuko lirateke, gaur egun ez dituztelako Arrasateko Udaleko langile izateko ezarritako baldintzak betetzen; euskararen jakintzarekin lotutakoak, adibidez.

Zerbitzua udal langileen bitartez egiteko, 1.587.045 euroko inbertsioa egin beharko luke Udalak; makinarian, eta jarduera egiteko lokal baten egokitzapenean. Kopuru hori 12 urtetan amortizatzea estimatzen du txostenak, eta finantzatzeko, %6ko interesa izango lukeen mailegu baten arabera egiten du kalkulua LKSk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak