Arregiren monolitoak, izan zirenak gogoratzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko mar. 3a, 09:16

Gasteizko Udala sortzen ari den memoria-guneetarako ari da Iñigo Arregi Arrasateko eskultorea egunotan lanean; 1936 eta 1945 urte bitartean frankismo garaian izan ziren biktima guztien omenez, plakadun lau monolito eta eskultura bat sortu ditu. Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saioan izan da astean Arregi; hemen duzue elkarrizketa osoa entzungai.

Azkenaldian lanpetuta dabil Gasteizko Udalak egin dion enkarguekin. Memoria-guneetarako lau monolito eta Udaletxe ondoan jartzeko eskultura handi bat bukatzen ari da Iñigo Arregi eskultorea. Horrelako lanak egitea oso gustuko duela dio, egiteko lan emotiboak direlako, eta, era berean, beharrezkoak ikusten dituelako horrelako aitorpenak. Hainbat lan ditu aurrez Arregik Gasteizen. "Lotura handia dut betidanik Gasteizekin, eta hiri handia izanik oso gustuko dut kaleetan nire lanak erakustea. Arazoren bat edo beste izan den arren, iaz, esaterako, Martxoak 3ko gertakariak gogora ekartzeko egin nuen lana margotu egin zuten ezezagun batzuek, baina, orokorrean, errespetatzen dira", azaldu du Arrasateko artistak.

Lau memoria-gune

Gasteizen frankismoaren ikur edo gune izan ziren tokiak memoria-gune bihurtu gura ditu Gasteizko Udalak, eta dagoeneko hasi da horretan. "Otsailaren 22an kanposantu parean jarri zuten lehenengo monolitoa, 33 lagun fusilatu zituzten tokian. Eguenean jarri zuten bigarrena Jesusen Bihotzaren ikastetxean, emakume atxilotuak eramaten zituzten eraikinean. Martxoaren 7an Arabako Kartzela Zaharrean jarriko dute; eta martxoaren 15ean laugarrena, Aita Karmeldarren plazako Atxiloketa Zentroan, hain justu.

Aipatutako monolito horiei buruz zera azaldu du Arregik: "Lauretan diseinu bakarra da; hau da, 85 zentimetroko altuera duten euskarriak dira eta gainean plaka bat dute, kokatuta dagoen tokiaren araberako testuarekin. Testu horietan zer jarri Udaleko ordezkariek erabaki zuten. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez idatzitako testuak dira; eta, berrikuntza moduan, QR kode bat ere badute plakek, informazio zabalagoarekin. Erabili dudan materiala herdoildutako kortezko altzairua da oraingoan ere".

Gonzalez alkateari, eskultura

Monolitoez gainera, Gasteizko alkatea izan zen eta 1937ko martxoaren 31n frankistek fusilatu zuten Teodoro Gonzalez Zarateren omenez eskultura jarriko dute martxoaren 31n udaletxearen ondoan. "Teodoro eta, orokorrean, frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldia egingo dute egun horretan. "Bi metro eta erdi ditu eta hiru xaflarekin egindakoa da. Nire estiloan oinarritutakoa da".

Lagunarteko erakusketa dendan

Proiektu pertsonal gehiago dituela kontatu du, baita beste artista batzuekin sortutakoak ere; adibidez, martxoaren 8ra arte dendan duen erakusketa kolektiboa. "Hamazortzi artistaren lanak batu ditugu. Ibilbide luzea dute guztiek; Debagoienekoak dira gehienak, baina badira kanpokoak ere. Hiru lan izan ezik, margolanak dira gehienak. Harrera ona izan dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak