Eusko Jaurlaritzak Euskal kultura ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko eskaintzen dituen diru-laguntza deialdira atxiki zen Udala urrian. Deialdi horren baitan Kulturola eraikina berriz erabiltzeko proiektua idazteko eta dagozkion obren zuzendaritza lanak egin eta proiektua exekutatzeko laguntza eskaera egin zuen Udalak.
Eskaera onartuta, Eusko Jaurlaritzak 186.440 euroko laguntza emango dio Arrasateri, Kulturola eraikinaren birgaitzerako. Diru-laguntza hori 2019a artean, 3 zatitan banatuta jasoko da, urteko 62.146.67 euro, alegia. "Eusko Jaurlaritzatik jasotako laguntza guztiz poztekoa da, bultzada garrantzitsua emango baitio ekimenari”, azaldu dute Udaletik. Diru laguntza horrez gain, zaharberritze proiektua bideratzeko 3.359.472 euro aurreratuta dituela jakinarazi du Udalak.
Kulturola egitasmoa legealdi honetako Arrasateko Udalaren proiektu garrantzitsuenetakoa da: "Helburu nagusia da herri zein bailara mailan garrantzia handikoa izango den kultur eremua sortzea, bereziki, herritarrei eta kultur taldeei alor honetan aukera berriak eskaintzeko".