Josune Murgoitio idazle, kazetari eta ikertzaile arrasatearrak eman dio irekiera ofiziala Margotutako hormak bere erakusketari, Arrasateko Kulturaten.
Inaugurazioan izan dira herriko alkatea, Udal ordezkariak eta baita ere Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate Zentroko, hau da, GEUZ elkarteko, ordezkariak. Interesa zuten hainbat herritar ere izan dira dagoeneko erakusketa bisitatzen.
Bertan Euskal Herrian eta Arrasateko hormetan egindako pintaden edo graffiti politikoen, eta mural aldarrikatzaileen esanahia, balioa eta erabilera sinbolikoa aztertzen da, Bake Kulturaren ikuspegitik. Egilea, pozik gelditu da emaitzarekin.
Inaugurazioan, Maria Ubarretxena alkateak azaldu du, Murgoitio eurengana proiektua aurkeztera joan zenean, alderdi politikoetako bozeramaileekin egin zutela bilera eta guztiek zeukatela trabaren bat erakusketarekiko. Baina denak hein batean deseroso sentitzeak ere zerbait esan nahi zuela, eta Arrasatek merezi zuela halako erakusketa bat, denok erakusketatik zerbait ikasteko.
Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate Zentroko, hau da, GEUZ elkarteko Carlos Romerak bere aldetik adierazi zuen modu oso positiboan baloratzen duela erakusketa. Hauxe adierazi du: “Oso-oso positiboa da. Izan ere, Josunek proposatu zigunean elkarlan hau egiteko, martxan jartzeko erakusketa eta tailerrak, oso interesgarria iruditu zitzaigun, baina baita ere erronka konplikatu xamarra gaiagatik, mesfidantzak egon ahal zirelako eta gaizki-ulertua sor zitekeelako proiektuaren helburuan”.
Izan ere, gatazka politikoa, bake ikuspuntutik landu nahi izan du Murgoitiok erakusketan.
Tailerrak ere bai
Erakusketa hilaren 24ra bitartean egongo da zabalik eta bi tailer ere egingo dira gaiari buruzko gogoeta egiteko; hilaren 10ean eta 15ean izango dira horiek.