Enpresetan krisi garaiak aukeren garaiak direla esan ohi da. Momentu horietan inoiz baino garrantzitsuagoa izaten da jarraitu beharreko estrategia ondo definitzea eta baliabide guztiak horretara bideratzea. Azken krisialdian, Arrasateko enpresa batek nazioarteratzeko apustu sendoa egin zuen, eta, urte batzuk geroago, nabaria da fruituak jaso dituela.
"Enpresa munduan, erabaki gehienek ez dute emaitzarik ematen epe laburrean. 2008tik 2009ra gure fakturazioa %28 jaitsi zen, baina garbi geneukan bide onetik ari ginela. Maletak hartu, eta Europako enpresak bisitatzen aritu ginen, eta lan komertzial horren emaitzak urte batzuk geroago heldu dira" azaldu du Ekideko gerente Oscar Sevillanok. Gaur egun, hiru negozio arlotan dihardute: lehena, eta garrantzitsuena, ingeniaritza eta fabrikazioa; ondoren, kontrol tresnak; eta azkenik, ikuspen artifiziala.
Bost urtean, langileak hirukoiztu
Aipatzen dituen emaitzak nabarmenak dira hainbat esparrutan; fakturazioa, nazioarteko presentzia, langile kopurua eta inbertsioak kasu.
2017an 24.000.000 euroko fakturazioa izan zuen Ekidek. Duela hamar urte fakturatutakoa baino lau aldiz handiagoa da, eta 2013koaren bikoitza. Gaur egun, Arrasaten daukate egoitza nagusia, eta Euskal Herriko bigarrena Zamudion. Horrez gain, Txinan filiala dute, eta duela gutxi planta berri bat zabaldu dute Mexikon, AEBetako merkatuan finkatzeko helburuarekin.
Langileei dagokienez, 102 lanpostu sortu dituzte bost urtean –langile kopurua hirukoiztu egin dute–. 102 postu horietatik hamazortzi Zamudion sortu dira eta lau Mexikon, baina gainontzeko guztiak Arrasaten. "Arrasaten hartu ditugun langileen %90 eskualdeko langileak dira.
Horrez gain, inguruko hezkuntza erakundeekin harreman estua daukagu; Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin, Miguel Altuna Lanbide Heziketarekin, Aretxabaletako Lanbide Heziketarekin eta Makina Erremintaren Institutuarekin. Urtero, zentro bakoitzetik pare bat ikasle hartzen ditugu gurean", azaldu du Oscar Sevillanok.
Inbertsio alorrean azpimarragarria da fakturazioaren %6,7 bideratzen dutela ikerketa eta garapen aktibitateetara. Gizarte ekintzara ere bideratzen dute irabazien zati bat, Mundukide eta DYA erakundeak lagunduz, adibidez, eta herriko kirolariak babestuz.