Aratusteak gainean dira. Gogotsu?
Bai, Gabonetatik ari gara prestaketa lanak egiten eta ia guztia prest daukagu. Azken detaileak bakarrik falta zaizkigu.
Zertaz mozorrotuko zarete?
Hori ez dugu inoiz esaten, sorpresa da. Urtero saiatzen gara sorpresa mantentzen eta zerbait desberdina egiten, eta, normalean, gure mozorroak beti ematen du zeresana. 25 bat pertsonako taldea izango gara aurten.
Mozorroarekin asmatuko duzue?
Nik uste dut baietz. Esango nuke aurtengo mozorroa asko gustatuko zaiola jendeari.
Berrikuntzarik badago aurten?
Bai. Betiko sariez gain –kuadrilla onena; karroza onena; taberna onena; eta banaka, gizonezko eta emakumezko onena–, kuadrilla gazte onenaren saria egongo da, 18 urtetik beherakoentzat. Jende gaztea ere kuadrilletan mozorrotzea bultzatu gura dugu sari honekin.
Zer moduz ikusten dituzu Aratusteak gaur egun?Azken urteetan ze bilakaera izan dute?
Hasi ginenetik, giroa hobetu egin dela esango nuke. Jende gehiago animatzen da orain eta giro hobea egoten da; pixkanaka, hobetzen doa. Hala ere, jende asko kanpora joaten da egun hauetan, eta guk deialdia zabaldu nahi dugu jende gehiago animatu dadin mozorrotzera eta festan parte hartzera.
Zer dira, zuretzat, Aratusteak?
Txikitatik bizi izan ditut ilusio handiz Aratusteak, eta asko gustatzen zaizkit. Gainera, ez dakit zergatik, baina egun hauetan libreago ibiltzen gara, lotsa galtzen dugu. Nik asko disfrutatzen dut Aratusteetan.
Aratusteekin lotuta, baduzu anekdota polit eta kurioso bat.
Bai. Behin, mosketariz mozorrotzea erabaki genuen. Taberna batean elkartu behar genuen, eta inor ez zen agertu. Minutu batzuk itxaroten egin ostean, batek esan zidan kanpora irteteko, eta kanpoan lagun guztiak nitaz mozorrotuta zeuden. Nik erabiltzen nituen arropa berdinak zituzten, tripa handiarekin, guztiek kalimotxoa edaten zuten, berba ere nik egiten dudan moduan egiten zuten... oso polita izan zen, 40 Harristi Arrasaten ikustea. Oso hunkigarria izan zen, negar ere egin nuen.
Aratusteetako egitaraua:
Otsailak 9, egubakoitza
• 18:30 Arrasate Musikalen ikasleen kontzertua Amaia antzokian.
Otsailak 10, zapatua
• 12:00 Pregoia, Biteri plazan. Ondoren, desfilea, Arrasate Musikaleko txarangak lagunduta.
• 13:00 Mozorroen sari banaketa plazan.
• 18:00 Arrasate Musikaleko txarangak kaleak girotuko ditu.
• 19:00 eta 22:30 Dantzaldia plazan, Gabezin taldearen eskutik.
Otsailak 11, domeka
• 19:30 Ergela antzezlana Amaia antzokian.
Otsailak 13, martitzena
• 17:00 Mozorro desfilea plazan.
• 17:00 Hondartza emanaldia Amaia antzokian.
• 17:30 Samasiku txarangaren animazioa herriko kaleetan zehar.
• 18:00 Dantzaldia plazan, Alaiki taldearen eskutik.
• 18:30 Arrasateko Erraldoien eta Kilikien Konpartsaren kalejira.
• 21:00 Sardinaren hileta. 20:30etan abiatuko da desfilea eta plazan erreko dute sardina. Gero, Alaiki taldearekin, dantzaldia.