Kurtzetxiki inguruan Arrasateko Udalak 10 hektareako lursail publiko batzuk ditu. Aspalditik egoera txarrean aurkitzen da bertako belardia eta Udaletik horiek txukun jartzeko beharra sumatu zuten.
Hala, arazoari konponbidea bilatzeko herriko nekazariengana jotzea erabaki du Udal gobernuak, euren gaiarekin lotuta duten jakinduriagatik, batez ere.
"Guk ikusten dugu, baserritarrak eta ganadua lantzen dutenek, jakinduria handia dutela lur horien kudeaketa egiteko. Udaletxeko edonork baino mila aldiz hobeto egiteko gai dira" azaldu du Maria Ubarretxenak.
Beraz, elkarlan hori formalki gauzatzeko Arrasateko zazpi nekazarik Larragain deituriko elkartea sortu dute, eta enpresa sortzeko bide horretan Deba Garaiko Landa Garapena elkartearen laguntza izan dute. "Guri Udalaren eta nekazarien arteko zubi lana egitea tokatu zaigu. Besteak beste, elkartea egituratzeko estatutuak egiten lagundu diegu. Pozgarria dira era honetako elkarlanak, batez ere herria laguntzeko balio dutelako" azaldu du Landa Garapena elkarteko presidente Maite Aristegik.
Jesus Garai da sortu berri den Larragain Elkarteko presidentea. Prentsaurrekoan agertu diren baserritarrek azaldu dutenez, duela hamarkada batzuk hala deitzen zioten gaur egun Kurtze Txiki izenez ezagutzen dugun mendiari. Hala azaldu du Jesus Garaik, zenbat kidek osatzen duten eta zer lan egingo dituzten bertan. "Gaur, momentuz, zazpi baserritar gara elkartean: hiru Udala auzotik, Hiru Bedoñatik, eta bat Santa Agedatik. Gure helburua zelai hori ondo ipintzea izango da. Udazkenean lurrak lantzen hasiko gara, eta negi partean ardiak eramango ditugu. Ostean, udaberrian, behorrak eta behiak ibiliko dira bertan".
20.000 euro
Zelaia ondo uzten lanak egiteko 20.000 euroko diru-laguntza jasoko du elkarte sortu berriak, 2018ko udal aurrekontuetatik.
Hitzarmen honetan Kurtzetxikiko eremu horretako esku hartzea egitea adostu dute bi aldeek, baina Maria Ubarretxenak azaldu du, etorkizunean lan gehiago egitea gustatuko litzaiokeela. "Lehendabizi Kurtzetxiki eremuarekin hasiko gara. Hau izango da lehen pausua, baina etorkizunean elkarlan hau indartzea nahiko genuke".