Zer da egiteko beharra sentitu duzuen lehen gauza?
Tx: 10 urteko seme bat daukat, Peru, eta berarekin harremana goxatu eta areagotzea izan da lehentasuna. Horretan gabiltza.
Pr: Nire kasua ere antzerakoa da. 13 urteko seme bat daukat, eta irteterakoan nire semearekin egotea izan da lehentasuna.
Herria nola aurkitu duzue?
Tx: Biribilgune asko daude, deigarria egin zaigu. Nabarmena da oinezkoari leku gehiago eman zaiola herrian, oro har. Bitxia egiten da, baina ez dago gaizki.
Herritarrak, giroa, nola daude orain?
Pr: Kalean giro gutxiago ikusten da. Bizitza bera garestitu egin da, eta, seguruenik, hori izango da arrazoia. Izan ere, dezente garestitu da bizitza, eta langileen soldatak, oro har, ez dut uste hainbeste igo direnik. Bestalde, etorkin asko ikusi ditugu herrian, hori asko nabaritzen da.
Nolako harrera izan duzue?
Pr: Arazo puntualen bat bai, baina, oro har, oso ona. Adeitsua eta esker onekoa.
2011ko urtarrilaren 10ean ETAren su-etena etorri zen. Gogoratzen duzue egun hura?
Tx: Bai. Komunikazioa nahiko oztopatua izaten den arren, herriarekin harremanetan egoteko saiakera handia egin dugu, eta susmatzen genuen urrats bat zen. Komunikatu hark Euskal Herriko historian aldaketa sakon bat ekarri du. Beraz, ondo gogoratzen dugu, bai.
Pr: Jendeak zer hausnartu badauka. Momentu hartan borroka armatua arazo funtsezkoena zen jende askorentzat, eta bestelako biolentzia eta gatazkak isiltasunean mantentzen ziren. Gaur egun, presoen dispertsioa mantentzen da. Pentsatzen genuen borroka armatua bazterrean utzita, pausoak etorriko zirela. Baina agerian geratu da Espainiako Estatuak demokratizatzeko daukan arazoa. Eurena inposatu nahi digute; presoen egoera inposizio horren parte da.
Josu Arkauz, Unai Parot eta Julen Mendizabal oraindik preso daude.
Tx: Kezkagarria da egoera. Josuri, kartzelan pasa beharreko urteak luzatu dizkiote, trikimailu judizial bat erabiliz modu guztiz artifizialean. Unai ere zigor berri bat betetzen ari da, bere garaian jarri ziotena beteta duelako dagoeneko. Julen hilabete gutxi barru irtengo da.
Nola hartu duzue Frantziako Gobernuaren albiste berria?
Pr: Frantziako Gobernuak pausoak ematen baditu –ez dakit emango dituen–, Ipar Euskal Herriko herri mugimenduak eta gizarte zibilak instituzio ezberdinekin izandako elkarlanari esker izango da. Hegoaldean ere gauza bera gertatu beharko dela uste dut. Horrek ekarriko ditu presoak Euskal Herrira, lehenik, eta kalera, ondoren.