X. mendeko garezur bat aurkitu dute Garagartza aldean

Xabi Gorostidi 2018ko urt. 31a, 18:21

Arrasate Zientzia Elkarteko kideek eta Euskal Herriko Meatzaritza Museoko ikerlari Josu Etxezarragak aurkitu dute, San Bixente ermitaren hondarretan dagoen hilobi baten. Urrian aurkitu zuten, eta Miamiko laborategi batean egindako datazio probak dio 970. urte ingurukoa dela.

2016an hasi zuten bi aldeko elkarlana, helburu partekatu batekin; Arrasateko antzinako burdingintzaren eta populaketaren antolaketaren jakintzan sakontzea. "Arrasateko gaua luzea da. 1.260an hiribildua sortu aurretiko Arrasate misterioz beteta dago, eta bertan argi apur bat ematea izan da gure asmoa" azaldu du AZEko Xabier Bengoak.

Irudia: Ezkerretik eskuinera: Xabier Bengoa (AZE), Josu Etxezarraga arkeologoa eta Juan Ramon Mendieta Arrasateko Udaleko Kultura batzordeburua.

2016an Iturritxipi inguruan  XI. mendeko haizeola bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza horretatik tiraka lortu dute X. mendeko hilobia aurkitzea. "Haizeola alboan San Balerio dago, eta toponimia ardatz hartuta, San Balerioren eta San Bixenteren arteko lotura ikusi genuen; garaikideak ziren, eta bata bestearen ikasle ere. Dokumentu zaharrei esker bagenekien 1.721 urtean San Bixente baseliza desagertu egin zela. Gaur egun Korreoena baserriko lurretan dago lurperatuta, beraz, jabeei baimena eskatu eta indusketa lanekin hasi ginen. Bide batez, Korreoena baserrikoei esker ona adierazi nahi diegu, izan duten prestutasunagatik".

Hilobiratutako lehen arrasatearra

2016an baselizaren lehen aztarnak aurkitu zituzten, eta 2017an egindako bigarren saiakeran hilobia eta garezurra aurkitu dituzte.

"Hilobiaren zati bat da aurkitu duguna. Harlauza du oinarrian, marga harria ertzetan, eta hauen gainean tapa batzuk. Garezurra aurkitu dugu, baina ziur gaude gainontzeko hezurrak bertan egongo direla" azaldu du Josu Etxezarraga arkeologoak.    

Garezurraren lagin bat Miamiko Beta Analytic laborategira bidali zuten aztertzeko, eta emaitzek esan dutenez X. mende erdialdekoa da, 970 urtekoa gutxi gorabehera.

Hala baloratu du Xabier Bengoak aurkikuntzaren garrantzia. "Galdera asko ekarri dizkigu burura aurkikuntza honek. Lehenik eta behin, kristautasuna lurralde hauetara etorri zen data hirurehun urte aurreratzen ditu. Bigarrenik, hilobiratutako lehen arrasatearra aurkitu dugu. Baina arrasatearra zen? Garagartzakoa zen? Ugarandarra zen?".

Ermitaka antolatuta

Garezurra nongoa zen definitzeko zalantza horiek Josu Etxezarragaren teoriaren ildotik doaz. "Aurkikuntza honek gure hipotesia baieztatzen du, hau da, gaur egun baselizak diren horien inguruan herrixkak sortzen zirela. Gaur egun Arrasate dena, herrixka txikiz osatuta dago, eta baliteke, kasu honetan bezala, lurperatutako herrixka gehiago izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak