Langabeei zuzendutako Arrasatelan egitasmoa aurkeztu dute

Eneko Azurmendi 2018ko urt. 24a, 14:20

Arrasateko Udalak eta Alecop enpresak elkarlanean gauzatu duten Arrasatelan egitasmoa aurkeztu dute gaur, langabeak laneratzeko plan pertsonalizatu bat egitean oinarrituko dena. 2018. urte honetan gauzatuko da, eta Marga Garmendia enplegu teknikariaren esanetan, proiektuaren berezitasuna da pertsonalizatua izango dela.

"Azpimarratu behar da plan pertsonalizatua izango dela. Pertsonaz pertsona egokitzapen hori egiten saiatuko gara", azaldu du Garmendiak.

Beste ezaugarri garrantzitsu bat da lan mundura bideratutako baliabideak ere erabiliko direla, orientazioa eta formazioa, esaterako, programan parte hartuko duten pertsonen eskura jartzeko. Hori, enplegu arloan diharduten Lanbiderekin eta Garapen Agentziarekin elkarlanean egingo da.


Hasiera batean, proba pilotu moduan egingo da, eta 25 pertsonek hartu ahal izango dute parte. "Laster deialdi bat irekiko dugu, eta izena ematen dutenen artean aukeraketa bat egin beharko dugu, eta joango gara ikusten. Proba pilotu bat da eta egokitzapenak egin beharko ditugu suertatzen zaizkigun egoera ezberdinak aintzat hartuta", adierazi du Garmendiak.


Arrasateko eta inguruko enpresen beharrak zeintzuk diren aztertuko dute, baita langabeen profila eta beharrizanak ere. Proiektuaren helburua bi horiek uztartzea izango da, pertsona horrek formazio espezifiko bat jaso dezan enpresa horretako lan konkretu bat egiteko.

Lau fase

Arrasatelan proiektua lau fasetan gauzatuko da, eta Alecop bigarren fasean sartuko da. Orain lehenengo fasean daude, enpresaren beharrak eta langileen profila aztertzen, eskaintza eta eskaria bateratu ahal izateko.

Bigarrena orientazio fasea izango da, eta formazio plan pertsonalizatu bat burutuko dute, Lanbiderekin eta Garapen Agentziarekin batera.

Hirugarrenean formazio hori martxan jarriko dute. "Fase honetan, tutoretza eta jarraipen bat egingo dugu pertsona bakoitzarekin eta formazio fase hau bukatzean, enpresetan lanean hasiko dira, eta norbaitek ekintzaile izatea nahi badu ere, lagunduko diogu", azaldu du Oihane Setienek, Alecopeko langileak.

Laugarrenean, azkenik, Alecopek partaideen bilakaeraren jarraipena egingo du eta behar duten guztian laguntza eskainiko die, bai enpresetan lanean daudenei, baita ekintzaile moduan euren enpresa propioa abiarazi dutenei ere.

47.300 euro

Alecopen laguntza teknikoaren kontratazioak 47.300 euroko kostua izango du, baina orientazioa, formazioa eta lan-praktikak kontuan izanda, kostua 10 aldiz handiagoa izan daitekeela aurreikusten du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak