Amaia Apalauza eta Iñigo Roque (Jokin Zaitegi sariketako irabazleak): "Literatura itzultzea opari bat, luxu bat da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko urt. 19a, 13:45

Amaia Apalauza eta Iñigo Roque, Jokin Zaitegi sariketako irabazleak. Argazkia: Martin Roque

Iazko Literaturako Nobel saridun Kazuo Ishiguroren 'The Remains of the day' liburua itzuliko dute aurtengo bikote irabazleak, eta urte amaieran Elkar-ek argitaratuko du.

Euskal Filologia ikasi zuten Amaia Apalauzak (Iruñea, 1979) eta Iñigo Roquek (Portugalete, 1976). Literatura eta  beste arlo batzuetako zuzentzaile eta itzultzaile moduan jarduten du Apaulazak, eta EHUko Euskara Zerbitzuko testu akademikoen zuzentzailea da, Roque. Aspalditik jardun dute elkarrekin lanean, eta halaxe itzuliko dute Kazuo Ishiguroren liburua.

Zorionak! Pozik? Espero zenuten?

Amaia Apalauza: Bai, oso. Pentsatzen genuen zaila izango zela, baina bagenuen esperantza. Esperantza baino gehiago, gogoa.

Iñigo Roque: Pozik geratu ginen bidalitako itzulpenarekin, baina horrek ez du esan nahi hobetu ezin zitekeenik, jakina.

Zer dela-eta animatu zineten parte hartzera? Lehenengo aldia da?

A.: Orain dela bi urte ere aurkeztu nintzen, Alexievitxen lana itzultzeko. Halako lehiaketak urregorrizko aukerak dira itzultzaileontzat. Tentazio txiki bat. Niretzat, literatura itzultzea opari bat da. Baldintza ekonomiko aldetik ere, txukuna da eskaintza; normalean, ohiko lanetik kanpo egin behar izaten ditugu halako lanak, ez baitira izaten ongi ordainduak. Lasaiago aritzeko aukera ematen du.

I.: Bagenuen gogoa zerbait biok biotara itzultzeko. Ez da aukera handirik izaten literatura euskaratzeko, eta testuak proposaturiko bidaia erabat tentagarria!

Zeri buruzkoa eta zelakoa da? 

I.: Narrazioak hari bi ditu: batean, gainbeheran hasitako etxe nagusi bateko maiordomo baten bidaia kontatzen da, eta, bestean, etxe horren goraldian bizi izandakoak. Dena muga, dena formalitate, dena gerruntze estu… Eta, noski, bada amodiozko istoriorik ere tartean.

Ze zailtasun ikusten diozue?

A.: Zailena, tonu egokia harrapatzea izango da, garai hartako maiordomo ingelesen hizkera berezi, dotore hori islatzea.

Eta zein da zuen indargunea?

A.: Badugu esperientzia pixka bat literatura-itzulpengintzan, eta gogoa, sekulakoa; eta ongi moldatzen gara elkarrekin.

Ze lan-prozesu jarraituko duzue?

I. : Egutegi bat egin, dokumentazio-lanak gero,  egilearen lanak irakurri… Testua bion artean itzuli eta zuzentzea da asmoa baina baliteke, gero, kanpoko beste norbaitek irakurtzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak