Etxeratek adierazi du epaitegiaren erabakia ez dela "nahikoa" eta "krudela" dela gaineratu du. Zaintza epaileak, fiskalak hala eskatuta, sinatutako autoak "ez du asetzen Ibon berak eta bere ingurukoek espero zutena", Ondarroako presoaren "muturreko egoerak eskatzen duen konponbidea", alegia. Elkarteak uste du, gainera, "presondegietako legegintzak badituela behar besteko baliabide segurtasun kontrolak ezartzeko, besteak beste, eskumuturreko telematikoa edo aldizka epaitegian aurkeztea".
"Muturreko egoera"
Presoaren osasun egoera "muturrekoa" dela azpimarratu du Etxeratek eta beraz, tratamendua "duintasunez" hartzeko etxera itzuli beharko lukeela: "Azken analitikaren arabera, 20 defentsa baino ez zituen, pertsona heldu osasuntsu batek 723 eta 1.124 artean izaten ditu defentsak Iparragirrek pairatzen duen hiesa C3 fasean dago, gaixotasunaren azken fasean hain zuzen ere".
Bestalde, Sortuk ere zaintza epailearen erabakia nahikoa ez dela salatu du. Medikuaren azken txostenean nahikoa arrazoi "eztabaidaezin" bazegoela argudiatu dute, Iparragirrek aurrerantzean zigorra etxean betetzeko.