10 lagunendako tokia dauka, eta gaur egun bederatzi daude han bizi izaten eta tratamendua jarraitzen. Horren barruan, egunkariak irakurri, eskulanak egin, erlaxazio ariketak egin, familiaren bisitak jaso eta bestelako ekintzak egiten dituzte, Aita Menniko beste edozein gaixo psikiatrikok bezala.
Bederatzi paziente horiek duten berezitasuna hauxe da: noiz arte egon behar diren, bisitak jaso ditzaketen, irten daitezkeen… ez duela medikuak agintzen, epaileak baizik. Eta eurendako 880 metro koadro baino gehiagoko instalazio baten bizi dira: 10 logela, jangela-egongela eta askotariko gela dituzte bertan. Instalazio horiek ospitalearen beste atalak baino segurtasun neurri handiagoak dituzte: dena kontrol-gela batetik maneiatzen da, altzariak bereziak dira, apurketen kontrako beirak daude eta dena kameraz kontrolatzen da, adibidez. Izan ere, gaixo horiek, bere gaixotasunaren eraginez, erantzukizun penala duen egoeratan egon izan dira, eta epaileak erabaki du gaixotasun larri horien eraginez ez direla euren ekintzen erantzule. Horregatik, gaixo horiendako lekua ez da kartzela –tradizionalki horietara bidaltzen zituzten–, baizik eta unitate psikiatriko bat.
Zazpi gipuzkoar
Aita Mennin daukaten unitatea guztiz berritzailea da Euskal Herrian eta Espainian. Iñaki Madariaga doktoreak zuzentzen du eta erizainak, psikologoak, psikiatrak, gizarte-langileak… dabiltza bertan lanean; hau da, ez dago poliziarik ez antzeko figurarik, denak osasun langileak dira. Espainian, antzekoak diren bi unitate daude, bat Fontcalent-en (Alacant) eta bestea Sevillan. Madariagak azaltzen duenez, "Arrasateko unitatearen bokazioa errehabilitazio psikiatrikoa da; Fontcalent-en bokazioa kustodia da. Guztiz desberdinak dira". Azpimarratzen dute psikiatria zerbitzu bat dela, ospitale psikiatriko baten barruan; ez da kartzela bat, helburua osasuna delako, ez zigorra.
Unitate hori Justizia Administrazioaren, Gipuzkoako area-zuzendaritzaren eta Aita Menni Ospitalearen elkarlanaren fruitua da. Madariagak azaltzen duenez, "gure gizartean beharrezko ikusten da horrelako zerbitzu bat, gizarte, auzitegi eta osasun ikuspuntuetatik".
Orain, bederatzi gizonezko daude han; hala ere, unitatea gizonezko eta emakumeendako da. Gaur egun dauden bederatzietatik zazpi gipuzkoarrak dira, eta bi, bizkaitarrak. Buruko gaixotasun larriak dituzte denek: eskizofrenia, nahaste bipolarra edo psikosi motaren bat (psikopatia dutenak ezin dira unitate horretako interno izan). Gaitz larri horien eraginez egin dituzten ekintzengatik edo izan diren egoerengatik bukatu zuten epailearen aurrean; kasu gehienetan, delituren bat egin dute.
Elkarrekin bizi dira, baina bakoitzak bere logela eta bainugela ditu. Oso elementu gutxi dituzte gelek: ohea –somierra lurrari itsatsita dago–, armairu bat, komuna, dutxa… eta askoz gehiagorik ez. Dena kontrol gelatik isiotzen eta itsungitzen da. Unitate hori 1,3 milioi euro kostatu da eta San Joan Jainkoaren ahizpek ipini dute dirua.
Ohiko osasun zerbitzuak
Iñaki Madariaga doktoreak ohartarazten du buruko gaixotasunak ez direla osatzen gaixotasun fisiko gehienak osatzen diren moduan, ez dira inoiz guztiz desagertzen; baina, tratamendu egokiarekin, gaixo horiek, larrienek ere, aurrera egin dezakete. Horregatik, Lege Psikiatria Unitatea "gainerako psikiatria zerbitzuen oso desberdina ez izaten saiatzen" dira ospitalean. Egia da paziente horiek, zehazki, "problematikoak" izan daitezkeela une puntualetan, baina unitate berrian "bere premien araberako atentzioa" jasotzen dute. Gainera, orain arte ez dute inongo arazorik izan eta ez da arazo berezirik aurreikusten. "Eguneroko bizitza beste psikiatria zerbitzu baten oso antzekoa da, errehabilitazio eta aisialdiko ekintzetan ematen dute denbora handiena", azaltzen du Lege Psikiatria Unitateko psikologo Macarena Espinzak. "Daukan bakarra segurtasun plus bat da, pazienteek bere buruari, beste pazienteei edo unitateko langileei min egin ez diezaieten eta, bestetik, ihes egin ez dezaten", gaineratzen dute Aita Menniko arduradunek.
Horrez gain, Aita Menniko beste edozein internok gozatzen dituzten zerbitzu asistentzial guztiez gozatzen dute unitate horretako pazienteek: buruko osasunaz gain, gorputzaren osasuna zaintzen zaie; garbiketa zerbitzua dute, sukaldaritza zerbitzua eta bizi-kalitatea ahalik eta onena izateko behar dituzten zerbitzu guztiak.
Bisitak jasotzea komeni zaie
Epaileak du beti azken hitza gaixo horiei dagokienean, eta hori da Aita Menniko beste unitateekiko dagoen beste desberdintasun garrantzitsu bat: "Epaileek guk, medikuok dioguna entzuten dute eta errespetatu egiten dute, baina, Lege Psikiatria Unitatean, legearen ikuspuntua nagusitzen da beti. Epaileak dioena bete egin behar dugu guk, eta horretara ohitu behar izan gara", azaltzen dute arduradunek.
Lege Psikiatria Unitatearen normaltasun horren barruan eta tratamendua ahalik eta ondoen joan dadin, bisitak eta irteerak dira beste puntu garrantzitsu bat. Lege Psikiatria Unitateak bisita-gela bat dauka, eta bertara gonbidatuak daude senideak, lagunak… Honakoa dio Birginia Gallastegi gizarte-langileak: "Zenbat eta bisita gehiago jaso, hobeto. Bisitak unitatean bertan hasten dira, eta epaileak oniritzia ematen badigu, luzatu egin daitezke, unitatetik kanpo izan daitezke… Guk hori bultzatzen dugu".
Horrez gain, unitateak bere patio propioa dauka eta bertara irten daitezke pazienteak; berriz ere, epaileak bestelakorik esaten ez duen neurrian. Eta, epaileak egoki ikusten duen neurrian, ospitaleko gainerako pazienteekin ere erlazionatu daitezke.
Gaixotasuna kontrolatu
Gaixo bakoitzari dagokion epaileak haren eboluzioa jarraitzen ditu. Madariaga doktoreak azaltzen duen moduan, "gaixo bakoitzari dagokion segurtasun maila erabakitzen du epaileak, eta alta noiz hartu behar duen ere berak agintzen du".
Eta gero, zer? "Hainbat erabaki har ditzake epaileak: kasu batzuetan, etxera joateko libre utziko ditu; beste kasu batzuetan, ospitalean jarraitu behar dutela erabakiko du; edo tratamendu anbulatorio kontrolatua jarraitu behar dutela… "
Lege Psikiatriako pazienteen kasuan, jarraipena eta tratamendua egon ezean, jokaera deliktiboetan berriz jausteko arriskua egon daiteke. Hori galaraztea, aurrea hartuz, da helburuetako bat. Amaia Madina abokatu oñatiarraren iritziz, Lege Psikiatria Unitateak "lagundu egin dezake gaixo hori errehabilitatzen eta, gaixotasunari aurre egiten zaion neurrian, berriz delituren bat egiteko aukerak txikiagoak izango dira".
Datuen arabera, Espainiako kartzeletan dauden presoen %7 eta %8 artean buruko gaixotasun larriak dituzte, eta %25ek, antsietate eta depresio motako nahasteak. Madariaga doktorearen esanetan, datu horiek ikusita, "presondegietan dauden hainbat lagunendako, hori ez da lekurik egokiena".
Eredu britainiarra
Zabalik dagoen hilabete hauetako esperientziarekin oso pozik daude Aita Menni ospitaleko arduradunak. Azpimarratzen dute Europako herrialde gehienetan guztiz sustraituta dagoen eredu bat inauguratu dela gurean ere; herrialde batzuetan –Suitza kasu– unitate horiek kartzela-erakundeen perimetroan eraikitzen dira, eta beste batzuetan –Erresuma Batuan edo gure kasuan–, ospitaleetan.
----------
Mojak, beti abangoardian eta iniziatiba handiarekin
Lege Psikiatria Unitatea ireki izana Aita Menni ospitalearen etengabeko eraberritze prozesuan ulertu behar da, ospitale psikiatriko tradizional batetik zerbitzu moderno eta atal askotarikoa izateko bidean. Hor, ekimena eta berritzeko joera erakutsi dutenak Aita Menniren atzean dauden erlijiosoak dira, San Joan Jainkoaren ahizpak. Euren iniziatibaz sortu ziren Aita Mennin egonaldi ertaineko unitatea, psikogeriatria zerbitzua, gazte eta nerabeendako unitatea, eguneko zentroa, garuneko mina hartu duten pazienteen unitatea eta psikotraumatologia unitatea, gutxitu psikikoak errehabilitatzeko unitatea, kanpo-kontsulta zerbitzua… eta, orain azkenekoz, Lege Psikiatria Unitatea, Hego Euskal Herrian eta Espainian bere motako bakarra, oraingoz.