Santamasetako lehen kartelaren 40. urteurrena

Xabi Gorostidi 2017ko abe. 21a, 17:10

1976an antolatu zituen Komisiñoak jaiak lehendabizikoz, eta bigarren edizioan egin zuten lehen kartela. Oinarrian Jon Zabaleta marrazkilariaren bineta bat zuen, eta horri aldaketatxo batzuk egin zizkion Jagoba Aranzabal artista arrasatearrak

Santamas jaiak aspalditik egiten dira Arrasaten, baina 1976an ukitu herrikoiarekin antolatu zituzten lehen aldiz Santamas Komisiñoko kideek. "Kuadrilla ezberdinen arteko koordinazioaren emaitza izan zen. Horren aurretik goitibeherak eta bestelako ekimen batzuk antolatzen genituen elkarlanean; beraz, esan daiteke bageneukala aldez aurretiko harremana", azaldu du Jose Agustin Ibarluzea Txispas-ek.

"Santamas jaiak indarra galtzen ari ziren garai hartan. Elma eta Zerrajera bezalako enpresa zaharretan jaieguna errespetatzeko ohitura zegoen, baina kooperatibetan ez zen hala izaten. Indar handia hartzen ari ziren, eta lan-karga handien eraginez arrasatear askok ez zuten jairik izaten. Baina Komisiñokoek antolatu genuen hirugarren aldian, 1979an, kooperatibek jai ematea erabaki zuten. Ikusi zuten San Juanen ostean herrian indar handien zuen jaieguna zela".

1977an lehen kartela

1976ko lehen edizioaren ostean, jaietako lehen kartela egin zuten, nahiko modu xelebrean, gainera. "Jon Zabaletaren marrazkia du oinarrian. Egunkariren, aldizkariren edo libururen baten argitaratutako bineta bat zen, eta asko gustatu zitzaigun. Bertan baserritar batzuk agertzen ziren euren asto eta gurdiekin, eta baita polizia antzerako batzuk eurei gelditzeko eskatzen. Garai horietan hain ohikoak izaten ziren Guardia Zibilen kontrolak irudikatzen zituen marrazkia zen. Hala, Jagoba Aranzabal komisioko lagunak, bineta hori hartu zuen, eta moldaketa txiki batzuk egin zizkion. Nolabait esatearren, marrazki hori arrasateartu egin zuen, eta hala sortu zen santamesetako lehen kartela. Egia esan ezkero, ez zen guztiz legal-legala izan" azaldu du Txispas-ek.

Ostean Olariaga 30 urtez

1977an kartelak harrera ona izan zuela ikusita, gaia serioago hartzea erabaki zuten Komisiñoko kideek. "Lehen esperimentu horren ostean gauzak serioago hartu genituen kartelari dagokionez, eta Antton Olariagari eskatu genion diseinu bat egin zezan".

1978an egin zuen lehen kartela marrazkilari usurbildarrak, eta denbora luzez hura izan zen santamas jaiaren irudia urtetik urtera berritzeko ardura izan zuena. 30 urte izan ziren konkretuki, 2008ko kartela izan baitzen Olariagak egindako azkena. 2009an Komisiñoko kideek lehiaketa bat antolatu zuten kartela diseinatzeko. Aurtengoa, azken urteetan bezala, Iban Galan marrazkilariak egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak