Tradizio zaharren feria, gaur egungo ikuspegitik

Xabi Gorostidi 2017ko abe. 21a, 17:03

Urteko azokarik handiena, kalitatezko askotariko produktuen salerosketarako plaza "ezin hobea" izateaz gain, "gaur egungo jendartearen gurpil zoroan irakasgai berri bat" izan daitekeela uste du Santamas Komisiñoak; hilaren 22an, 10:00etatik 14:00etara.

Ate joka dator urteko azokarik handiena, arrasatearrendako urteko egun kutunetako baten osagai nagusietako bat. Abenduaren 22an, 10:00etatik 14:00etara, hainbat gune hartuko ditu azokak: ganadu eta hegazti feria Laubiden; fruta, barazki eta herriko saltokien erakusketa eta lehiaketa Seber Altube plazan; eta artisau langintzen jarduera feria Jokin Zaitegi plazan eta Biteri etorbidean.

"Egungo gurpil zoroan irakasgai"

Izan ere, santamasak ez daude ulertzerik azoka barik: "Euskal kulturaren parte garrantzitsua den nekazaritza mundua kalera ekarriz, ohitura eta tradizio zaharrak egungo jendartearen gurpil zoroan irakasgai izan daitezkeela sinisten jarraitzen dugu eta batzuetan desagertzen, bestetan eraldatzen zein egokitzen doan mundu hori ardatzean jartzen saiatzen gara", adierazi du Santamas Komisiñoak.

Azoka eta herri kirolak

Komisiñoak gogora ekarri duenez, herritarrek inguruko baserrietako animaliak ezagutu eta ikusteko "aukera ezin hobea" eskaintzen du erakustazoka horrek. "Jende asko erakartzen duen ekintza da, baserritarren eta kaletarren arteko harremanak sendotu eta bertatik-bertara ikusteko zailak diren ganadu eta hegazti anitzak eta ugariak ezagutzeko aukera dago eta".

Horrez gain, artisau langintzen feria ere azpimarratu nahi izan dute. 1978a ezkero antolatzen du Santamas Komisiñoak: "Iraganeko eta geroko lanbide zaharrak balioan jarri eta sustatzeko asmoz antolatu genuen. Artisauek nola lan egiten duten ikusteko aukera egongo da, eta baita euren lanak salerostekoa ere". Hain zuzen, artisautzarekin lotutako bi tailer antolatu dituzte biharko, hilak 16, Kulturaten, 10:00etatik 14:00etara. Batetik, ehoziri-lanen tailerra egingo dute Idoia Bañezekin, eta, bestetik, naturako elementu eta materialekin egindako jostailuen gaineko tailerra egongo da, familia guztiarentzat, Orbela Natur Hezkuntza komunitatearekin. Azken tailer horretarako gaur da izena emateko azken eguna; honako telefono zenbaki honetara deitu behar da: 717 71 49 33.

Amaitzeko, aspaldiko jarduera eta ekoizpen lanekin lotura zuzena duten herri kirolak ere ez dira faltako. "Arrasaten ez dago beharbada herri kiroletarako tradizio handirik urtean zehar, baina santamasetako erakustaldiak, herritar askoren interesa pizten du urtero". Zaldibarko frontoian izango da erakustaldia, 12:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak