Iaz bezala, aurten ere, Aretxabaletako Galartza auzoan dagoen Zaloña baserrikoa da santamasetako protagonista handiena. 300 kilo ditu, emea da eta Iosu Amantzio izena ipini dio Komisiñoak. Bada, jatorrizko izena Kixki da. "5 urteko alaba hasi zitzaion horrela deitzen eta izen horrekin geratu da", esan du Zaloña baserriko Luis Mari Alberdik.
Hamar bat urte daramatza Zaloñakoak ganadua erakusten Arrasaten, eta iazko txerriarena kasualitatea izan bazen, aurten, propio joan zaizkio Komisiñokoak txerri bila. "Oso ondo portatu zen Txerrita, eta Kixki ere ondo moldatuko da. Txerri lasaia da. Ondo maneiatzen den horietakoa. Izan ere, lekuz aldatzeko, kamioian sartzeko eta horrenbeste orduz, jendaurrean egoteko, derrigor izan behar du animalia lasaia", dio Alberdik.
Ama eta amama
Hiru urte ditu txerriak eta Zaloña baserrian jaio eta hazitakoa da. Baserri kanpoan egokituta duten zelaian bizi da beste hainbat txerrirekin. Lokatz artean. Gustura. Besteak euskal arrazakoak dira. Santamasetako izarra, frantziar arrazakoa.
Emea izanda, umeak edukitzeko erabiltzen du Alberdik. Hiru haurdunaldi izan ditu orain arte. Bakoitzean, 8-12 kume artean izaten ditu. Ama izandakoa da, beraz; baita amama ere. "Margarita txerria Kixki-ren alaba da, eta orain izan berri ditu hamar kume. Margarita ere erakusteko modukoa da, baina, erditu berri zegoenez, ezinezkoa izan da", dio jabeak.
Zaloña baserrian urte asko daramatzate ondoren hiltzeko txerria hazten, baina azken zazpi urteotan txerri emeak dituzte, gehienbat.
Portaloian
Hilaren 21ean eramango dute Iosu Amantzio Herriko Plazara, 19:00etan. Aurkezpena egin ostean, jaten emango diote han, eta lasai-lasai geratuko da, abenduaren 22ko azokaren zain. Egun horretan, 10:00etarako ikusgai egongo da Portaloian, herritarren eta bisitarien gozamenerako.