Gasteizeko Udalak egiten duen eredua aintzat hartuta hasiko da Arrasateko Udala kexak, iradokizunak eta abisuak webgunean publikatzen. "Informazio demokratizatzeko modu bat da. Hobetzeko erronka ematen digun tresna izango da. Herritarrek jakingo dute Udalak zein kexa, iradokizun eta abisu jasotzen dituen", esan du alkateak.
Urtarrilean hasiko dira udal barruko zerbitzu informatikoa aldatzen. Hori horrela, urtarrileko, otsaileko eta martxoko kexak, apirilean publikatuko dira. Hiru hileko hurrenekera izango du zerbitzu horrek. "Gardentasunaren Ataria delako atalean publikatuko dira guztiak".
Ostean, herritarrek jasotzen duten erantzuna ez da publikoa izango. "Bai zehaztuko dugu ze kexak, iradokizunek eta abisuk jaso duten erantzuna, baina, herritarrak jasoko duen testua pertsonalizatua izango da. Ahaleginduko gara kexa, iradokizun eta abisu guztiak erantzuten. Baina, kontziente izanik, erantzun guztiek ez dutela prozesu eta denbora maila berbera eskatzen", aipatu du alkateak.
Igoera nabarmena
2015ean 930 kexa, iradokizun eta abisu jaso ziren BAZ-en. Iaz, 995, eta aurten 1.335. Igoera nabarmena egon da. Bereziki, Udalarekin harremanetan jartzeko dauden zazpi moduak azpimarratu ditu alkateak: "BAZ-en ahots, idatziz, telefonoz, e-mail bidez, webgunearen bidez, Telegram bidez eta Whatsapp bidez. "Azken bide horretatik, egunero, bataz beste, bost mezu jasotzen ditugu. Gehienak, argazki eta guzti".
Aurtengo kexak, iradokizunak eta abisuak, honela banatu dira, departamentuka:
- Kirol zerbitzuak: 136
- Idazkaritza, obra, zerbitzu, mantentze eta auzoak: 808
- Udaltzaingoa: 167
- Euskara: 1
- Gazteria: 1
- Gizarte ongizatea: 12
- Hirigintza, ingurumena eta mugikortasuna: 163
- Ogasuna eta kontuak: 3
- Kultura: 19
- Pertsonala: 1
- BAZ: 3
- Alkatetza: 21