2017ko datuak aurkeztu zituzten atzo Udalean, eta urriko datuen arabera herriko langabezia-tasa %11,29koa da, 1.178 langabeturekin. Urte hasieratik urrira datuak hobera egin du %1,54 hain zuzen, baina kontuan izan behar da urriko datuak ez dituela barne hartzen Edesa Industrialen egon diren kaleratzeak, Udaletik azaldu duten moduan.
Datuek hoberako joera duten arren, Udal gobernuak enpleguan eragiten jarraitzeko gogoa duela azaldu du eta 2018ko aurrekontu proiektuan %17ko igoera aurreikusten da enplegura bideratutako diru-partidan. Guztira, milioi bat euroko langa gaindituko du, 1.034.004 eurorekin.
Bi erronka nagusi definitu dituzte udaletik; laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzat programak antolatzea (emakumeak, gazteak eta formakuntzarik ez dutenak, batez ere), eta langabeen profilak enpresen beharretara egokitzea. Aurten bederatzi ekintza aplikatu ditu Enplegu Sailak, eta ondo funtzionatu dutela iritzita, jarraipena izango dute datorren urtean ere.
Horiez gain, beste hiru egitasmo berri aurreikusten dira 2018rako. Lehena, erabilpenik gabeko udal lurretan nekazaritza jarduerak jartzeko proiektua da.
Bigarrena Gaztelan programa da. Muntai elektromekanikoekin, nekazaritza ekoizpenekin, eta elikagaien eraldaketarekin lotutako formazioak egiteko 445.400 euro dituen plana da. Espainiako gobernuak %90raino finantzazioa jar dezake, eta gainontzekoa Udalak
jarriko luke.
Hirugarrena herriko titulatu berriei zuzenduta dago. Honen asmoa da bertako enpresetan euren ikasketen kalifikazio mailarekin eta espezializazioarekin lotutako lana topa dezatela.