Deustuko Unibertsitateak egindako txostena aurkeztu dute orain. Mabel Segu eta Bakarne Etxeberria irakasleek eta Gizarte Ongizateko zinegotzi Amaia Azpiazuk eman dituzte datuak.
Apiriletik ekainera aritu ziren Deustuko ikertzaileak herritarren kezkak identifikatzen, betiere, gizarte zerbitzuetako premiekin lotuta. Horretarako, herritarrekin eta Arrasaten lan egiten duten 24 eragilerekin elkartu ziren. Behin hori eginda, jasotako kezka guztiak gaika sailkatu, eta zortzi elementuko zerrenda bat osatu zuten. Horren arabera, kezka gehien eragiten duen arazoa kulturartekotasuna eta bizikidetza da, pobreziari eta langabeziari alde txikia aterata.
Ostean, hauek lirateke kezka eragiten duten beste sei nagusiak, hurrenez hurren: droga-menpekotasuna, gazteen egoera, balioen galera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, gizarte zerbitzuak eta etxebizitza. Gaiak definituta, konponbideak bilatzea da hurrengo urratsa. Ikertzaileek irtenbide orokor batzuk zehaztu zituzten.
Hiru batzar egingo dituzte
Ostean, herriko hamabi eragilerekin mahai bat eratu zuten konponbideak bilatzeko. Amaia Azpiazu Gizarte Ongizateko zinegotziak adierazi duenez, kulturartekotasuna eta bizikidetza arazoak lantzeko, bazegoen aurretik lantalde bat eratuta. "Harrera protokoloa hobetzeko asmoz sortu zen taldea. Hala, hamabi partaideko talde berrian, gai hori ez da landuko, eta gainontzeko zazpiekin hasiko gara lanean".
Udal Gobernuaren 2018rako aurrekontu proposamenean igoera aurreikusten da Gizarte Ongizate Sailean. "Gizarte larrialdiko laguntzetan pobrezia energetikorako laguntzak ematen hasi gara aurten, eta horrek gastua handitu du". Babesgabetasun egoerako adingabeen laguntza ere handitu egingo da. "Kasu hauen detektatze goiztiarra lantzen hasi gara, ikastetxeekin eta osasun zentroekin, eta horrek kasu kopurua handitzea eragin du".