EH Bilduren idatzia
Jarraian irakur dezakezue EH Bilduk EAJri zuzendu dion idatzia, bere osotasunean:
ARRASATEKO EAJ-K POSIZIONATU BEHARRA DU: POLITIKA ALA LOKATZA
"Arrasateko EH BILDU harriturik eta kezkaturik dago Ibon Arrupe alkateordearen azaroaren
10eko Goienako azken gutuna irakurrita, EAJk gure herrian politika lokazteko duen norabideaz. Politika garaikideak izan beharko lituzkeen bizikidetza eta errespetu ezaugarrien aurkako zerbait dela iruditzen zaigu.
Gauza ez da hemen hasten. Zoritxarrez, benetan zoritxarrez, legealdi honetan zehar une jakin batzuetan Arrasateko EAJko kide jakinek motibazio ideologikoz eta botere harremanak baliatuz, ideologia ezkertiar eta abertzalea duten herritarrak eta eragileak iraindu eta mespretxatu dituzte.
Arrasateko EH BILDU orain arte ahalegindu da etxe barruan hitz egiten hau EAJrekin, uste baitugu inori ez zaiola komeni horrelako giro politikoa herrian, ez EH BILDUri, ez EAJri ezta gutxiago ere herritarrei. Konpromiso zehatzak hartzera ere iritsi izan gara zentzu honetan giro politikoaren distentsioa helburu, baina zoritxarrez protagonistak eta jarrerak errepikatzen dira. Hau dela eta, galdera publiko eta zuzena egiten diogu Arrasateko EAJri: politika eraikitzailea egin nahi duzue ala zuenak egiten dituzue alkateordearen hitzak?
EH BILDUk erantzun publiko eta argia eskatzen dio norabide honetan, anbiguotasunik gabea. Adi jarraituko diogu erantzunari, baina alderdikeriak eta ezinikusiak gainditzeko garaia dela deritzogu".
Ibon Arruperen iritzia artikulua
Gaian kokatzeko, hona Ibon Arrupek azaroaren 10eko Goiena Aldizkarian idatzitako iritzi zutabea.
Politikari profesional berria
"Arrasaten politikari profesional berria daukagu: Bildukoa. Nork esango zuen, oposizioa egiteko denbora faltagatik, ogibidea alde batera utzi eta Udaletik liberazioa eskatu behar zuela Bilduren Udal Taldeko bozeramaileak. Politikariek kasta bat osatzen dutela sutsuki aldarrikatzen den garai honetan, batzuek, legea aintzat hartuta, ahal bezain pronto kasta horretara batu nahi izan dute. Eta herritarrek, harriduraz, onartu egin behar euren zergen kontura bizi nahi duen beste politikari bat mantendu beharra. Inolako ardura eta betebeharrik gabekoa, gainera.
Orain arte, besteongandik, edozein hauteskunde kanpainatan eros daitezkeen eslogan desgastatuak errepikatzera mugatu da: Udal Gobernuak programarik ez daukala, bere modeloa zorpetzean oinarritzen dela, porlanean duela obsesioa, promes lausoen betetze lanbrotsutik harago ez duela ezer burutu edo argazki asko baina mami gutxi.
Ea, ba, egunero, inolako ardurarik gabeko jardunaldia izanik, gai den liberatu berria besteoi exijitzen digun mailara heltzeko. Arrasateren onerako, nik, behintzat, hala espero dut".