Urriaren 3an egindako ohiko osoko bilkuran, 2018ko ordenantza fiskalekin batera, eguneko gai zentrala izan zen EH Bilduko Eneko Barberenaren liberazioa. EUDELek babesten duen Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak jasotzen duenez, 10.000 biztanletik gorako herrietan, oposizioko alderdi nagusiko zinegotzi batek liberazioa eskatu dezake.
Proposamena alderdi guztiek babestu zuten, abstentziora jo zuen EAJk izan ezik. Botatu aurretik, bi argudio eman zituzten liberazioaren aurka. Lehena, 2007an, ezker abertzalean indarrean zegoenean, EAJko zinegotzi bat liberatzearen aurka botatu zuela EAE-ANVk. Zinegotzi hori udal langilea zen, eta bi karguak aldi berean egitea legez bateraezina denez eskatu zuten liberazioa. Eta bigarrena, Maria Ubarretxenaren soldata ipar hartuta, EH Bilduk egindako kanpaina "erasotzaile eta pertsonalizatua". EAJko zinegotzi guztiak banan-banan altxatu ziren Barberenaren "kontraesana" argudiatuz, ez zutela alde botatuko esanez.
Bi aldeen gogoetak
Aurreko martitzeneko eztabaidaren ondoren Eneko Barberenak eta EAJko udal taldeak oharrak helarazi dituzte, gertatukoaren inguruko hausnarketekin. EH Bilduko zinegotziak zera esan du jeltzaleen partez jasotako kritikei buruz. "Osoko bilkuran, aurreko puntuetan izandako adostasun eta akordio maila ikusita, harritu egin gintuen EAJko zinegotzi guztien kritika politiko eta pertsonalen tonuak. Ez da erraza kritika politikoaren, adierazpen askatasunaren, konfrontazio zilegiaren eta erasoaren arteko muga ezartzen. Ni naiz lehena onartzen ez dugula beti asmatzen horretan politikariok. Ez zen gustukoa izan niretzat astearteko osoko bilkura, gustatzen ez zaidan bezala, EH Bilduko zinegotzi bezala, alderdi politikoen egoitzatan pintaketak egitea, edota zinegotzi zehatzak irainduz eginiko whatsapp kateak zabaltzea".
EAJk aldiz azaldu du "inondik inora ez da izan, eta ez da izango inoiz, EAJ-PNVren asmoa irain eta eraso pertsonalez baliatzea, eta puntu horretara heldu bagina, berresten dugu hori ez dela bidea".
Barberenak azaldu du ez duela gaiarekin lotutako polemika gehiagorik nahi, eta bere zeregin berrian zentratzea nahi duela. Arrasateko EAJk espero du, hika-mikak arrasatearren alde lan egiteko indarra batzeko balio izatea.