Santa Marinako Agerre kaleko txabolak desagertzeko bidean

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 16a, 08:52

Txaboletako kanalizazioek eragindako uholdeengatik, zaratengatik, usainengatik eta zikinkeriagatik kexu dira bizilagunak, eta 400 sinadura batu dituzte txabolak kentzea eskatzeko. Hori gauzatzeko txosten juridikoa egitearen zain dago orain udal gobernua

Santa Marina auzoko Agerre kalearen atzealdean, txabola eremu handi bat dago, duela 50 urte inguru erabiltzen dena. Hainbat erabilera dituzten txabolak dira; ortuak lantzeko, oilategi txikiak jartzeko edo ehizarako txakurrak edukitzeko. Lurzoru hori pribatua da, ez dira udal lur publikoak. Bertako erabiltzaile batzuen arabera, bere garaian lurren jabeekin akordiotara heldu ziren partzelak diru truke erosteko, baina jabetze horiek ez daude legalki jasota.

Arrasaten badaude antzerako txabola eremu gehiago Makatzenan edo Erguinen, eta aitzina Zigorrolan ere, gaur egun Mojategi dagoen inguruan. Baina Agerre kaleko txabola eremuak badu berezitasun bat: etxebizitza blokeetatik oso gertu dagoela.

Bizilagunen kexak

Bertako bizilagunek urteak daramatzate txabolak gertu izatearen eraginak jasaten. Asko dira dituzten kexak. Zikinkeria arazoak daude, eta horrez gain arratoi asko erakartzen dituen gunea da, besteak beste bertako animalien pentsuagatik. Hori gutxi ez balitz, uda partean intsektu pilaketa handia izaten da inguru horretan. Zikinkeriak eragiten dituen usainez gain, suak piztu eta barbakoak egiteko ohitura izan dute txaboletako erabiltzaileek, eta ke horrek zuzenean du eragina bizilagunengan.

Txakurrek gauean ateratzen duten zarata ere da beste kexa iturri bat. Baina aipatutako arazo guztiez gain, badago Udalaren esku-hartzea eragin duen beste kalte bat; txaboletako ur-kanalizazioek eragiten dituzten ur-uholdeak. Aldapa baten gainean eraikitako txabolak direnez, euri jasa handiak daudenean urak zuzenean jotzen du etxebizitzen aurka, eta bertako garaje eta lokalak urez betetzen dira.

Zentzu horretan otsailaren 28an, ur-uholde handi baten eraginez emergentziazko esku hartze bat egin zuen Udalak, ura bideratzeko hormigoizko kanalizazio bat eginez. "Larrialdia konpontzeko neurria izan zen, baina momentu horretan konturatu ginen arazoa ez zela ur kanalizazioa, txabolen presentzia baizik. Uholdeez gain, bazeudela bizilagunei zuzenean eragiten zizkien beste hainbat arazo" azaldu du Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko buru den Oscar Garcia zinegotzi sozialistak.

400 sinadura batuta

Txabolek sortzen dituzten kalteekin amaitzeko, auzoko bizilagunek sinadura bilketa bat hasi zuten 2016an, eta 400 sinadura batzea lortu dute. "BAZen jarritako kexa indibidualak ikusita, sinadura bilketa bat egitea proposatu nien bizilagunei. Kexei izaera kolektibo bat emanez gero, alderdi sozialistak arazoa konpontzeko konpromisoa hartuko zuela esan genien" azaldu du Garciak.

"Orain LKSri eskatu diogu txosten juridiko bat egin dezala, txabolak kentzeko prozesua nola egin daiteken ikusteko. Bestalde, hori egin aurretik, txaboletako erabiltzaileekin bilerak egingo ditugu, eurekin irtenbideak jorratzeko. Garagartzako ortuak erabiltzea izan daitezke irtenbideetako bat".

Erabiltzaileak arduratuta

Txaboletako erabiltzaileen artean ardura eta haserrea dira nagusi. Eurek botaz gero, Erguineko txabolak ere botatzea eskatzen du Angel Vargas erabiltzaileak. Bertan ortua duen Antonio Lozanorentzat, aldiz, euren ortuek ez dute kalterik egiten, eta euri jasetako urak eusteko balio dutela gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak