Arrasaten egin du geldialdia prekarietatearen kontrako LABen Ekimen Ibiltariak

Txomin Madina Milikua 2017ko aza. 15a, 19:11

Hainbat sektoretan bizi diren egoera prekarioak azaldu eta salatzeko ekimen ugari egin dituzte egun guztian zehar. Merkataritzan lan baldintza duinak eskatzeko, esaterako, giza katea egin durte Eroskiko merkatalgunetik BM eta Lidl dauden gunera.

Duela zenbait aste hasi zuen bere ibilbidea Iruñean prekarietatearen kontra egin nahi duen LAB sindikatuaren Ekimen Ibiltariak, eta Arrasatera heldu da gaur. "Prekarietatearen aurrean, sindikatuok erramintak eman behar dizkiogu langile klaseari. Erreformek zatituta eta atomizatuta utzi duten langile klasearen subjektua berreskuratu behar dugu, eta geure indarra da horretarako berme bakarra. Administrazio publikoaren partetik sekulako axolagabekeria ikusten dugu. Madriletik inposatutako erreforma guztiak automatikoki aplikatzen zaizkigu, eta ez dugu lan harremanetarako esparru propiorik. Prekarizazio prozesu basati honen aurrean, langile klasearen salbakuntza bakarra antolakuntza eta borroka da", adierazi du Debaldea eskualdeko LAB sindikatuko arduradun Jon Kirru Iparragirrek.

Egun guztiko egitaraua izan dute ekimen ibiltari honen barruan. Goizean, esaterako, sindikatuko hainbat delegatuk tailerra egin dute prekarietatearen aurka osatu nahian dabiltza gidaren inguruan. Urtarrilerako gida prest izatea espero dute LABekoek, eta beronen helburua izango da alor ezberdinetan dauden prekarietate egoerak identifikatzen laguntzea eta horiei nola aurre egin azaltzea.

Giza katea

Eguerdi partean, bestalde, giza katea egin dute Eroski merkatalgunetik BM eta Lidl supermerkatuak dauden tokira "Merkataritzan lan baldintza duinen alde" lelopean. "Merkataritza moduko sektore feminizatu baten ematen diren lan baldintza kaskarrak salatu nahi izan ditugu. 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dugu, eta 35 orduko lan asteak. Izan ere sektore honetan lan jardunak partzialak izaten dira, eta horrek eragin zuzena du soldatetan. Lanpostu estrukturaletarako aldi baterako kontratuak egitearen kontra gaude baita ere, horren segurtasun falta dakarrelako", azaldu du sindikatuko kide Ana Sebal Agirregabiriak.

"Antiprekarietatearen Gunea"

Arratsaldean, Seber Altube plazan jarri duten Antipkrekarietatearen Gunea-n izan dira ekintzak. Materiala eta informazioa banatzeaz gain, Edesa Industrialeko langileek beraien prozesuaren berri eman dute. Eguna amaitzeko, unibertsitarioak ez diren administraziopeko  irakaskuntzan azkenaldian egiten dabiltzan mobilizazioez eta LABek egiten duen planteamenduaz hitz egin dute Amaia Argaratek eta Ibai Redondok.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak