Gizakiaren eragina baretzeko hezegunea

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 10a, 14:34

Antoña inguruan, Arrasate Institutu atzealdetik Anporretara joateko bidea hasten den tokian, anfibio, txori eta landare autoktonoak hezteko gune bat sortzea proposatu du Ingurumen Mahaiak, eta 60.000 euro aurreikusi dituzte proiektua diseinatzeko.

Irudiko lur eremuan, anfibio, landare eta hegazti autoktonoak hazteko gune bat sortzeko proiektu bat dago, Arrasateko eragile ezberdinek osatzen duten Ingurumen Mahaiak proposatutakoa. Mahai horren bueltan daude: udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak, Besaide Mendi Elkartea, Naturtzaindia Elkartea, SUDC, San Prudentzio elkartea, Ekologistak Martxan, Arrasate Zientzia Elkartea eta Zero Zabor taldea.

Kaltetutako eremua

Duela 100 urte baino gehiago Udalatxetik ateratako mineralak garbitzen ziren eremu horretan dagoen presan. Moldatu nahi den eremua aktibitate horren eraginez sortutako lokatz eta hondakinen gainean sortu zen, eta gaur egun "egoera degradatuan" dagoen zona da, Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun zinegotzi Ibon Arrupek azaldu duenez. "Urteetako aktibitate ekonomiko baten eraginez kaltetuta dagoen eremua da, eta, horretaz guztiaz gain, akazia espezie inbaditzailea ugaria da bertan. Hori guztia kontuan izanik, gizakiak kaltetutako lurzorua biziberritzea da lortu nahi dena".

20-30 zentimetroko zingira

Anporretatik doan errekatxoa albotik igarotzen dela baliatuta, zingira edo putzu bat sortu nahi da, 20 eta 30 zentimetro arteko sakonerarekin. Hala ere, bultzatzaileen helburua ez da aisialdirako bainu gune bat sortzea, espezie autoktonoentzako leku bat baizik. "Hezegunea sortzea da asmoa, igelak, apoak, zapaburuak, hegaztiak eta landareak hazteko gune bat, alegia. Salburuaren edo Urdaibairen antzerako zerbait", azaldu du Arrupek.

"Ura Agentziari egitasmoaren berri eman genion, eta oso proiektu interesgarria irudi zitzaion hasieratik". Hektarea erdi hartuko du hezeguneak. Irudiaren atzealdean ageri den pinudi zati bat hartuko luke, baina proiektua idazteko bideratuko diren 60.000 euro horien barne dago horiek erostearen kostua. Hiru proiektu lehenetsita Mahaiak hiru proiekturi eman nahi die lehentasuna: Etxezarretari, Elorregiri eta Antoñari.

Antoñako presaren jatorria

Irudia: Antoñako presa zaharra errepidearen beste aldean dago, Mojategirantza doan zatian. Zortzi koxka zituen.

Gizakiaren eraginez kaltetutako gune bat biziberritzea da asmoa. Errepidearen beste alboan, Mojategirantz doan bailarari begira presa bat dago; Udalatx ingurutik ateratzen zen mineralak garbitzeko erabiltzen zen. "Anporretatik datorren erreka-zidorraren ibai-aho hori mineralak garbitzeko erabili izan zen XIX. mende bukaera aldetik 1930. urte ingurura arte. Minerala Galarra baserri inguruan ateratzen zuten, eta hamar zutabeko aireko garraio sistema baten bidez eramaten zituzten mineralak presa ingurura. Konkretuki, presa dagoen mendi hegalean zeuden bi biltegi handitara", azaldu dute Arrasate Zientzia Elkarteko kideek. Garraio sistema berezia zen, eski pistetako teleferikoen antzerakoa. "Zutabeen alde batera mineralez betetako putzupadak etortzen ziren eta beste aldetik, aldiz, hutsik zeudenak".

Minerala garbitzeko sistema

Eta batek baino gehiagok esango dio bere buruari: nola erabiltzen zuten errekako ura mineralak garbitzeko? Honela azaldu dute Arrasate Zientzia Elkartekoek: "Antoñako presa baino gorago beste presa bat egin zuten. Hau urez betetzen zenean, garraiohodi batzuetatik garraiatzen zuten ura, mineral biltegien gainera erortzeko. Hori zen mineralari lurra kentzeko lehen tratamendua, eta bigarrena trommel edo bahe birakari batzuekin egiten zen". Behin hori eginda, minerala txikitu eta kamioi bidez eramaten zuten, batez ere, Bergarako Labe Garaietara.

Zortzi mailako presa

Anporretako errekatik zetorren urari eusteko, zortzi mailako presa eraiki zuten, baina bazuen berezitasun bat: "Eraikitako presa horrek 20-30 zentimetro bitarteko kanal moduko zuen erdian, beharra izanez gero, presa zabaldu ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak