Garai bateko Arrasate, Galartaren margoetan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko urr. 27a, 09:01

Alvaro Arregi, Juanjo Saez eta Dario Tirados Kulturateko klaustroan.

Arrasateko pintore ezagunaren jaiotzaren mendeurrena aitzakia hartuta haren omenez osatu zuten elkarteak erakusketa inauguratuko du gaur, egubakoitza, 18:30ean Kulturateko klaustroan; azaroaren 18ra arte izango da ikusgai.

Urte osoan gogor eta mimo handiz egin dute lan Julio Galartaren Lagunak elkarteko kideek. Margolariaren lanen inbentarioa osatzen ari dira –oraindik amaitu barik dute–, Galartak margotzen zuen lekuetara bisita gidatuak ere egin dituzte, eta gaur hasi eta abenduaren 18ra bitartean haren ehun lanekin osatutako bilduma ikusgai jarri dute Kulturateko klaustroan.

Zizurkilen jaio zen eta haurra zela etorri zen Arrasatera bizitzera; Aretxabaletako zaharren egoitzan hil zen 2011. urtean. "Roneoko langilea zen baina txikitatik zuen margotzeko zaletasunari eutsi zion bizitza osoan. Mutikotan haren inguruan ibiltzen ginen gerra osteko garai hartan ez zen-eta oso arrunta tipo bat bere tramankulu guztiekin herriko kaleetan eta auzoetan margotzen ikustea. Oso argi zuen margotu egin gura zuela, pentsa, soldaduskan ere margotzen zuela badakigu bere lagunei idazten zien eskutitzek halaxe erakutsita. Geroago, bere kabuz ikasitakoak hobetu asmotan baimena eskatu zuen lantegian Bartzelonara joan eta han Arte Ederrak ikasketak egiteko", dio elkarteko presidente Alvaro Arregik.

Arrasateko monografikoa

2011. urtean elkartea sortu zenetik hiru erakusketa egin dituzte: Arrasaten bi –2011 eta 2013. urtean– eta Gasteizen, 2015.urtean. "Honako honetan bakarrik Arrasateko irudiak jaso ditugu eta gehienak, etxe partikularretan zeuden lanak dira. Herriaren historia eta paisaia laburbiltzen duela esango nuke; 1941. urtetik 2000ra bitartean egindakoak dira. Oso eskertuta gaude jabeen prestutasunarekin, etxe askotan gurera sartuko bagina moduan sartu gara. Eskerrik asko, era berean, Galartaren familiakoei eta Udalari".

"Baietz 1500 margolan aurkitu"

Elkartekoek amets bat gauzatzea lortu dutela diote. "Erakusketa bukatutakoan eta utzi dizkiguten margolanak entregatutakoan aurrerantzean egin beharrekoak zehaztuko ditugu. Momentuz inbentarioa osatzen jarraituko dugu. 1000 koadro aurkitzeko erronka jarri genuen eta dagoeneko 1400 ingururen argazkiak baditugu, eta urte bukaerarako 1500 bat lortzea espero  dugu".

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak