Eneko Barberena liberatuta, eta 2018ko ordenantza fiskalak onartuta

Xabi Gorostidi 2017ko urr. 3a, 20:22

EUDELen udal legeak jasotzen duenez, 10.000 biztanletik gorako herrietan, oposizioko alderdi botatuenak zinegotzi baten liberazioa eska dezake. EAJ abstenitu egin da, 2007an euren zinegotzi bat liberatzearen aurka botatu zuelako indarrean zegoen EAE-ANVk. Horrez gain, Kataluniako prozesuaren ondorioei buruzko adierazpena irakurri dute, PSE-EEren babesik gabe.

Arrasateko Udaleko ordezkari politikoek urriko ohiko osoko bilkura egin dute. Uztailekoa izan zen azkena, irailean ez baitute bilkurarik deitu, eta uztaila bukaeran egindako ezohikoa zelako.

Lehenik eta behin Kataluniako prozesuaren ondorioen inguruko adierazpena irakurri du alkateak. Domekan Poliziak eta Guardia Zibilak erabilitako indarkeria salatu dute, arazo politiko bati indarrarekin erantzun izana gaitzetsiz. Alderdi guztien babesa izan du testuak, PSE-EErena izan ezik. Galde eta eskeen tartean, Oscar Garciak hitza hartu du, euren posizioa azaltzeko. "Rajoyren eta Puigdemonten arteko gatazka bat" izan dela esan du, nahiz eta horren eragina herritarrek jasan duten, eta bere alderdiaren elkartasuna adierazi du "zauritu guztientzako".

Aipatzea EH Bilduko zinegotziek esteladak jarri dituztela euren eserlekuen aurrealdean.

Irudia: Ordezkariak puntu bat bozkatzen, mahai aurrean esteladak ikusten direlarik.

Enpresa aldaketa bide garbiketan

Jarraian, bide garbiketako zerbitzuan izandako enpresa aldaketa baten berri eman dute. Esleipen hori CESPAri egin zitzaion, lehiaketa publikoan kalifikazio onena izateagatik. Baina bigarren geratu zen FCC enpresak errekurtsoa jarri zuen Kontratuen Inguruko Errekurtso Administrazioan, CESPAK ez zituela pleguak betetzen argudiatuz. Epaileak arrazoia eman zien, eta, ondorioz, bigarren kalifikazio onena izateagatik esleitu zaio zerbitzua FCCri lau urtetarako. 

Juan Luis Merinok "enpresen arteko mafia" salatu du, eta berriz lerratu da garbiketa zerbitzua munizipalizatzearen alde. Oscar Garciak erantzun dio esanaz, LKS ari dela munizipalizatzearen bideragarritasunari buruzko txostena egiten, eta urte amaierarako eginda egongo dela.

Ordenantza fiskala

2018rako ordenantza fiskala ere onartuta geratu da. Zerga eta tasa gehienek KPIak markatzen duen %1,5eko igoera izango dute. Baina, besteak beste, zaborren tasak eta gizarte zerbitzuen kostuek ez dute igoerarik izango. EAJk eta PSE-EEk alde botatu dute, EH Bilduk abstentziora jo du eta Baleikek eta Irabazik aurka botatu dute. Udal gobernuak euren proposamenak helarazi zituen, lehenik eta behin, udalbatzako gainontzeko alderdiei, eta ostean, baita prentsara ere. [Hemen klik eginda, ikus ditzakezue udal gobernuak prentsa aurrean aurkeztutako proposamenak].

Euren proposamenei lehen erantzuna EH Bilduk eman zien, eta eurekin batzartu ostean, oposizioko alderdi nagusiak planteatutako neurri batzuk ere onartuak izan dira. Horien artean daude; baserriak birgaitzeko obrek %90eko hobaria izatea [lehen %50ekoa zen], baserrien teilatuen konpontzeko obratan %95ekoa, eta fatxadak berritzeko hobarian %100ekoa. [EH Bilduk publiko egin dituen proposamenak ikusteko egin klik hemen].

Baleikeren kasuan, denbora falta argudiatu du Anuska Ezkurrak, euren proposamenak kontuan ez izateko. Proposamen finala ogasun batzordean onartu baino egun bat lehenago jaso zuen udal gobernuak talde morearen planteamendua. Hala ere, 2019ko ordenantzetarako euren proposamenak entzungo dituztela adierazi du Ezkurrak. [Egin klik hemen Baleikek publiko egin zituen proposamenak ikusteko].

Eneko Barberenaren liberalizazioa

Hau izan da eguneko punturik gatazkatsuena. EUDELen udal legeak jasotzen duenez, 10.000 biztanletik gorako herrietan, oposizioko alderdi nagusiak, zinegotzi baten liberalizazioa eska dezake. EAJk gogor kritikatu du EH Bilduren eskaera. 2007an udal langilea zen EAJko zinegotzi bat liberatzeko eskatu zutenean, Ino Galparsoro buru zuen EAE-ANV alderdiak aurka botatu zuela gogoratu du Anuska Ezkurrak. Era berean ere, Maria Ubarretxenaren soldata kritikatuz idatzitako iritzi artikulua ekarri dio gogora Barbenari, eta baita horren inguruan egindako kanpaina ere. Botatzeko ordua iritsi aurretik, EAJko zinegotzi guztiek, banan-banan, aurka botatuko dutela esan dute, "Barberenaren koherentzia faltagatik". Horietan azkena Ibon Arrupe Hirigintza zinegotzia izan da, eta "oposizioko politiko profesionalen maukara" gehitu dela esan dio.

EAJk abstentziora jo du, eta gainontzeko alderdi guztien babesarekin egin du aurrera proposamenak. Horretarako klabea izan da PSE-EEren aldeko botoa. Oscar Garciak esan du, euren alderdia beti egon dela alderdi bakoitzeko zinegotzi bat liberalizatzearen alde, "guztiek politika egin ahal izateko, baldintza berdinetan".

Hala, urriaren 4tik aurrera Eneko Barberena liberatu bezala arituko da. Urteko 29.938 euroko ordainsaria jasoko du, UDALHITZeko 11,5 mailari dagokiona.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak