Udal Gobernuak aste honetan aurkeztu du 2018 urtera begira ordenantza fiskalean ezarri nahi dituen neurriak.
Lehenik eta behin datorren urtean bere horretan mantendu nahi dituzten tasa eta zergak zehaztu dituzte; landa guneko ondasun higiezinen gaineko zerga (IBI rustico), jarduera ekonomikoen gaineko zerga (IAE), obren gaineko zerga (ICIO) eta etxez-etxeko laguntza edo jangela zerbitzua bezalako gizarte zerbitzuen tasak. Gainontzeko zerga guztiei kontsumo prezioen indizea (KPI) aplikatzea proposatzen du Udal Gobernuak.
Hobariak ekintzaileentzat
Aurkeztutako proposamenen artean, jarduera komertzial berriak abian jarri nahi dituztenentzat hobariak planteatu dituzte, Udal fiskalitatea "traba izan beharrean, pizgarri izan dadin" azaldu du Ander Garayk.
Jarduera ekonomiko berri hori lokal batean egiten dutenentzat %40ko hobaria planteatzen du Udal Gobernuak, eta aktibitate hori lokal fisikorik gabe egiten dutenentzat, aldiz, %95ekoa. Zerbitzuak bezeroen etxeetan eskaintzen dituzten ile-apaintzaile edo masajistak jarri ditu Garayk adibide gisa.
Txakurren bilketaren tasan ere igoera bat planteatzen dute. Orain arte txakurra galdu eta txakurtegian jasotzen zutenek 15,60 euro ordaintzen zituzten. Baina jabeak agertzen ez direnean kostuak Udalak hartzen dituenez bere gain, txakurra galdu dutenek 50 euro ordaintzea da Udal Gobernuaren nahia.
Zabor tasetan aldaketa
Zaborren gaineko tasa Mankomunitateak ezartzen duen kopuruaren araberakoa izango da. Iraila bukaera aldera zehaztuko zein den Arrasatek egin beharko duen ekarpen ekonomikoa, baina hori heldu bitartean, komertzioen zabar tasetan aldaketa bat egitea ere planteatzen du Udal Gobernuak.
Kasu honetan, aholkularitzak eta belar-dendak, bigarren kategoriako tasa ordaintzea proposatzen dute, okindegiek, gestoriek edo notariotzek bezala. Orain arte hirugarren kategorian zeuden taberna eta jatetxeen maila berean.
Proposatutako beste neurri bat etxean lan egiten duten profesionalentzat da. Orain arte etxean lan egiten zuen abokatu batek bi zabor tasa ordaintzen zituen; etxekoa eta enpresarena. Orain, etxekoa bakarrik ordaintzea da proposatzen dutena.