Bloke-kate teknologoia ezaguna egiten ari da azken aldian, batez ere bere ingelesezko adieran, blockchain, eta batez ere bitcoin kripto-monetari esker. Modu oso sinplean azalduta, blockchain digitalizatua izan daitekeen edozer gauzaren transferentzia bermatzen duen plataforma deszentralizatua da. Hau da, puntu batetik bestera zerbait bidali daiteke, hackeatua izateko arrisku gabe printzipioz, informazioa bloketan banatuta baitago eta bloke bakoitzak aurrekoaren informazioa behar baitu irakurria izateko.
Bloke-kate hau beraz, kontabilitate liburu bat bezalakoa da, egiten diren transferentzia guztiak erregistratzen dituena, eta guztien eskura dagoena. Liburu hau transferentzia honetan parte hartu nahi duten denen artean banatzen da eta bertan, momenturo, egindako transferentzia guztiak erregistratzen dira. Beraz, norbaitek tranpa egin eta transferentzia baten balioa aldatu nahiko balu, liburua duten pertsona guztien erregistroa aldatu beharko luke, ia ezinezkotzat eginez. Izan ere, sistema honen ezaugarri nagusien artean, deszentralizazioa eta irekitasuna daude. Gaur egun, balio-trukerako protokolo bezala definitua izan da, baina beste batzuek notaritza-sistema automatiko bezala definitu dute.
ISEAk irailaren 27rako, asteazkena, antolatu duen jardunaldian ideia honen inguruan arituko dira hizketan Garaia Berrikuntza Guneko LKSren egoitzan, Arrasaten. Bertan arituko dira IK4-Ikerlaneko Oscar Rubio, Blockchain konektatutako industriaren oinarria da eta industri zerbitzu berrien iturri gaiari helduz, eta Miguel Ramos, Edemocracityko zuzendaria, Blockchainek bitartekaritza ekiditean oinarritutako jarduera berriak garatzeko aukerak eskaintzen ditu izeneko hitzaldiarekin. Jardunaldian parte hartzea doakoa da baina izena eman behar da aurretik morobengoa@iseamcc.net helbidean.