Hiru ekitaldi nagusi egingo dira Arrasaten hilaren 26an.
Frankismo garaian egindako krimenen aurkako kereila kriminalak aurkeztuko ditu Bergarako epaitegian 11:00etan, Arrasateko Udalak, talde politiko guztietako ordezkariekin eta Intxorta 1937 Kultur Elkartekoekin batera.
18:00etan lore eskaintza egingo zaie errepresaliatuei Laubideko plazako monolitoan. Eta eguna borobiltzeko, 18:30ean Emeek Emana izeneko erakusketaren inaugurazioa egingo dute Kulturaten. Bertan, gerra eta frankismo garaiko kontakizunak emakumeen aurpegiekin, emakumeen ikuspegitik jaso dira.
Emakumeen testigantzak
Oñatin dago ikusgai egun erakusketa hori, egubakoitzera arte izango da bertako kultura etxean. Hilaren 26tik aurrera, berriz, esan moduan, Arrasaten izango da. 63 emakumeren testigantzak jaso dira bertan, eta tartean daude lau arrasatearrenak ere: Julene Iturberenak, Libe Bengoarenak, Juana Urangarenak eta Trini Ruiz de Alegriarenak. Hauxe adierazi du Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak: “Emakumeen ikuspuntu hori helaraztea da helburua, emakumearen sufrimenduaren errekonozimendu bat egitea, izan ere, ematen du emakumeek sekula ere ez dutela hartzen gerratetan parte, eta bai, hartzen dute eta eurek euren bizipenak ere badituzte, beraz, emakumeari emango zaio garrantzia”.
Aurkezpenean ildo beretik jardun da Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Maribel Vaquero: “Intxortako Julia Monge eta Juan Ramon Garai proiektu honekin etorri zirenean oso interesgarritzat jo genuen. Izan ere, proiektu honek egiten duena, erakusketa honek egiten duena da testigantzen bidez, irudien bidez, eta emakume horien biografiaren bidez, azaleratzen du emakumeek zein paper inportantea izan duten garai horietan. Beraien aktibismoagatik, beraien borrokarekin, eta beraien bizipenetatik kontatuta, zein ekarpen egin zituzten urte latz horietan”.
Gaineratu du garrantzitsua dela memoria "osoa" edukitzea, izan ere, azaldu du oso memoria "partziala" daukagula, beti memoria gizonezkoen ikuspuntutik jasotzen zelako.
Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Julia Mongek adierazi du egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen dituztela lan honekin: “Gure lana egiaren zati bat da eta memoria historikoan diharduten taldeen izenean egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak aldarrikatzen ditugu. Frankismoaren inpunitatea bukatu egin behar da eta horretarako talde memorialistek, frankismoaren biktimek eta erakundeek lan komun bat egin behar dugula pentsatzen dugu”.
Erakusketan ikusgai dauden argazkien egile Txileko Mauro Saravia ere izan da aurkezpenean eta herritar guztiak gonbidatu dituzte erakusketa bisitatzera.